EIMAk Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak lanean dioen bezala (53 or.), ez da egokia hau bestearen berdina da gisakoen analogiaz, -(r)en desberdin egitura erabiltzea, eta aukera egokiagoak ematen ditu: *ezabatu ereduaren desberdina den irudia → ezabatu ereduaren aldean desberdina den irudia; ezabatu eredua bezalakoa ez den irudia; ezabatu eredua ez bezalakoa den irudia; ezabatu ereduaz bestelakoa den irudia. -(r)ekiko desberdin egitura ere bortxatua gertatzen dela esaten du, eta arruntagoetara jotzea dela egokiena: auto hori ikustera ohituta gauden modeloekiko oso desberdina da baino egokiagoak dira, auto hori eta ikustera ohituta gauden modeloak oso desberdinak dira; auto hori eta ikustera ohituta gauden modeloak bi gauza (desberdin) dira... Bestalde, okertzat jotzen du -(e)z desberdin egitura: *nitaz desberdina da → nire aldean, desberdina da; ni ez bezalakoa da; ez da ni bezalakoa...