EIMAk Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak lanean dioen bezala (53 or.), ez da egokia hau bestearen berdina da gisakoen analogiaz, -(r)en ezberdin egitura erabiltzea, eta aukera egokiagoak ematen ditu: *irudi hori errealitatearen ezberdina izan daiteke → irudi hori errealitatearen aldean ezberdina izan daiteke; irudi hori errealitatea ez bezalakoa izan daiteke; irudi hori errealitateaz bestelakoa izan daiteke. -(r)ekiko desberdin egitura ere bortxatua gertatzen dela esaten du, eta arruntagoetara jotzea dela egokiena: gure erreakzioa ikaslearekiko ezberdina izan daiteke baino egokiagoak dira, gure erreakzioa eta ikaslearena ezberdinak dira; gure erreakzioa eta ikaslearena bi gauza (ezberdin) dira... Bestalde, okertzat jotzen du -(e)z desberdin egitura: *zutaz ezberdina da → zure aldean, ezberdina da; zu ez bezalakoa da; ez da zu bezalakoa...