#ElhuyarrenGomendioak
mota: mota gehiagotako Araua ✅ Bi motatako ondorioak. ❌ Bi motako ondorioak. Neurri batekoak eta beste neurri batekoak beti bi neurritakoak izango dira (nongo adiera). Beraz, -tako dagokie honelakoei: ✅ Eskaera gehiagori eta mota gehiagotakoei erantzuten laguntzen du. ❌ Eskaera gehiagori eta mota gehiagokoei erantzuten laguntzen du. ✅ Bost eratako probak. ❌ Bost erako probak. ✅ Bi neurritako piezak. ❌ Bi neurriko piezak. Zalantza sortu ohi da mota, era, sail, neurri eta kategoria izenekin (batez ere, ikusten denez, mota hitzarekin). Halakoek nongo adiera dute, sailkapen baten erreferentzia ematen dutenez. Ikusi: Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak (169. or.)
horietaz guztiez Araua ✅ Horietaz guztiez kontu eman beharko dugu. ❌ Horietaz guztietaz kontu eman beharko dugu. ❌ Horiez guztiez kontu eman beharko dugu. Kostatzen da pixka bat horiez guztiez edo horietaz guztietaz ez idaztea, baina horietaz guztiez da forma kanonikoa. Ikusi: horietaz (*horiez). (JARRI ESTEKA)
aditz-juntadura: -tu edo -t(z)en / -t(z)en edo -t(z)en Elhuyarren irizpìdea ? Bezeroak 60 eguneko epea izango du kontua aktibatzeko, hura erosten edo jasotzen duen egunetik aurrera. ? Bezeroak 60 eguneko epea izango du kontua aktibatzeko, hura erosi edo jasotzen duen egunetik aurrera. Bi aditz bata bestearen ondoren ematen ditugunean aspektua berdintzea hobesten du Elhuyarrek.
horietaz (*horiez) Araua ✅ Herri horretaz mintzatu gara. ✅ Herri horrezaz mintzatu gara. ❌ Herri horrez mintzatu gara. Forma kanonikoak honetaz eta horretaz dira. Esapideetarako bakarrik ematen dira ontzat honez, horrez eta harez (eta hauez, horiez eta haiez). Beraz: ✅ Horrez gain(era) itxura ere ez zuen txarra. ✅ Horrez aparte itxura ere ez zuen txarra. Baina: ❌ Gai horiez jardun zuen. ❌ Haiez aritu da. Ikusi: Alfontso Mujikak kontatu zuen gai honen historia 31 eskutik blogeko Erakusle-festa sarreran.
EBITDA Elhuyarren irizpìdea ✅ 50 milioi euroko EBITDA sortu du aurten. ❌ 50 milioi euroko ebitda sortu du aurten. Ingelesetik datorren sigla: Earnings Before Interest, Taxes, Depretiation and Amortization. Euskarazko Wikipedian EBITDA dago, eta horrela erabiltzea adostu dugu, siglatik hitz arrunterako pausoa emateko oraindik gordinegi dagoelakoan. Gaztelaniarako, Fundéuk ebitda gomendatzen du. Frantseserako, EBITDA eta BAAIDA (bénéfice avant intérêts, impôts, dépréciation et amortissement) erabiltzen dira, biak sigla moduan.
5G: deklinabidea nola lotu Araua ✅ Badator 5Ga. ❌ Badator 5G-a. Siglak direnez, ez du marratxorik behar. Ikusi: 3D siglaren erabilera
hala nola: atzean komarik ez ✅Bihar baserriko lanak egin behar ditugu, hala nola belarra moztu. ❌Bihar baserriko lanak egin behar ditugu, hala nola, belarra moztu. Adibideei sarrera emateko baliatzen da hala nola. Oro har, hala nolak aurrean koma eramaten du, baina atzean ez.
ahalik eta -en(a): adberbioak ⬆️ ahalik (eta) urrutiena iritsi ⬇️ ahalik (eta) urrutien iritsi Adjektiboekin beti da ahalik eta -ena: ✅Ahalik (eta) libururik onena hautatu. Adberbioekin, berriz, aukerakoa da -a, eta Elhuyarren forma artikuludunak erabiltzea hobesten dugu: ⬆️Ahalik (eta) bizkorrena etorri. ⬇️Ahalik (eta) bizkorren etorri. ⬆️Ahalik (eta) maizena kirola egitea komeni da. ⬇️Ahalik (eta) maizen kirola egitea komeni da. (Artikulua osatzeko, berrikusi).
arte: 17:00 arte, 17:00ak arte // arte mugatuta eta mugatu gabe ✅Maiatzaren 31ko 17:00ak arte egongo da irekita. ✅Maiatzaren 31ko 17:00 arte egongo da irekita. Zilegi ikusten dugu atzizkirik gabe uztea ere (atzizkiduna ez daiteke auzitan jarri). Batzuetan, dena den, nahitaezkoa da mugatzea: ✅eguerdiko 12ak arte (hamabiak ordezten du, ezin daiteke hamabi zero zero irakurri). ❌eguerdiko 12 arte
EAZko edo EAZeko ✅ EAZko teknikariak ❌ EAZeko teknikariak Erabiltzailearen Arretarako Zerbitzua adierazten duen sigla. Erakunde baten atal- edo zerbitzu-izen guztien gisa, izen berezia. Esan “e-a-zeta” esaten da. Horrenbestez: ✅ EAZn galdetu ✅ EAZk erabaki ✅ EAZko teknikariak OHARRA: Euskara Batuaren Ortotipografia araua: “Sigla hiru letraz osatuta dagoenean, bokal + bokal + kontsonante edo bokal + bokal + bokal hurrenkerarekin, letraka irakurri ohi da. Hala ere, baldin eta bi bokalen ondoren dagoen kontsonantea l, m, r edo s bada, zalantza egin liteke nola ahoskatu, ohikoak baitira amaieran kontsonante hori duten euskal hitzak, eta, horrenbestez, silaba gisa ahoskatzea ez bailitzateke behartua. Adibidez, EOS (Euskadiko Orkestra Sinfonikoa) letraka [e-o-ese] edo silabaka [e-os] ahoska liteke”.
ehunekoak: “% 100” ere ez da mugatzailearekin erabili behar ✅Ez dago elektrizitatearen % 100 iturri berriztagarrietatik lortzerik ❌Ez dago elektrizitatearen % 100a iturri berriztagarrietatik lortzerik Dena hitzarekin parekatzen delako mugatzeko joera ikusi dugu. Baina, beste ehunekoek bezala, zenbat galderari erantzuten dio eta, beraz, mugagabean jokatzen da: ✅Gazteetan, % 7 azkarra da. ❌Gazteetan, % 7a azkarra da. ✅Gazteetan, % 7k badaki ❌Gazteetan, % 7ak badaki. ✅Kontinentearen % 5 izotza da. ❌Kontinentearen % 5a izotza da. Ikusi: Ehunekoak, portzentajeak, portzentaiak…
Baliokideak al dira «-tzat» eta «-tzako» atzizkiak? Euskaraz sarri sortzen den zalantza da: amarentzat edo amarentzako? Biak dira zuzenak, baina funtzio desberdinak izan ohi dituzte. «-tzat» eta «-tzako» atzizkien arteko bereizketa kategoria sintaktikoen arabera azaldu izan da. Batetik, «-tzat» atzizkia adizlagun gisa erabiltzen da, normalean hartzailea edo onuraduna adierazteko: Amarentzat prestatu dut afaria. Gurasoentzat antolatu dute bilera. Bestetik, «-tzako» atzizkia izenlagun moduan agertzen da, izenaren aurretik, zehaztapen gisa: Amarentzako afaria prest dago. Gurasoentzako bilera arratsaldean izango da. Dena dela, esan behar da oso hedatua dagoela «-tzako» atzizkia adizlagun gisa erabiltzea euskalki batzuetan: Amarentzako prestatu dut afaria. Gurasoentzako antolatu dute bilera. Azkenik, euskalki batzuetan «-dako» atzizkia ere erabiltzen da bi funtzioetarako: Amarendako prestatu dut afaria. Amarendako afaria prest dago. Erabilera horiek guztiak egokiak badira ere, Elhuyarren gomendioa hau da: Adizlaguna denean «-tzat» hobestea: Amarentzat prestatu dut afaria. Izenlaguna denean, aldiz, «-tzako» erabiltzea: Amarentzako afaria prest dago.
«Almacenar» ez da beti «biltegiratu» Zer da biltegiratzea? Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, adiera bakarra du: «biltegi batean gordetzea». RAEren Diccionario de la Lengua Españolaren arabera, ordea, almacenar hitzak bi adiera nagusi ditu: 1 tr. Poner o guardar en almacén. 2 tr. Reunir, guardar o registrar en cantidad algo. Almacenar libros, datos, informaciones. Hala, biltegiratu lehenengoari soilik dagokio, eta gaztelaniaz almacenar den guztia euskaraz ez da biltegiratu. Azken urteetan, ordea, itzulpenetan, almacenar = biltegiratu ordaina automatikoki erabiltzen hasi gara, eta ez da egokia. Erabilera oker nabarmena da honelakoetan: Kontuz ibili beharra dago informazio pertsonala mugikorrean *biltegiratzean. gorde: euskaraz, informazioa, datuak eta beste gorde egiten ditugu. Adibidez: Dokumentu bat idaztean, komeni da aldian-aldian gordetzea, egindako lana ez galtzeko. Substantzia toxiko batzuk gibelean *biltegiratzen dira. metatu: euskaraz, energia (elektrikoa, beroa, etab.) metatu egiten da, baita, besteak beste, substantziak gorputzean ere. Adibidez: Lipidoak larruazalaren azpian metatzen dira. Plaka fotovoltaikoetan sortzen den energia elektrikoa metagailuetara doa, behar denean erabiltzeko. Eguzki-energia termikoa, berriz, normalean ez da metatzen, ura berotzeko erabiltzen da zuzenean. Fabrikatzaileak ekoitzi berri dituen bateriak hutsik biltegiratu ditu, eta bezeroari bidali aurretik metatuko du energia haietan. Katagorriak hasi dira datorren negurako urrak *biltegiratzen. bildu: datuak, liburuak, informazioa… bildu egiten dira. Adibidez Iaz bildu zituztenak azkenetan daude honezkero. Elhuyar Hiztegian honela ageri dira bi adierak: 1 v.tr. [en un almacén] biltegiratu, biltegian gorde 2 v.tr. bildu, metatu, pilatu; gorde; (barruan) izan, (barruan) eduki Ordainak ondo aukeratzeko, erabili hiztegia.
Nola esan behar da: «guzti hau» ala «hau guztia»? Kuantifikazioa adierazteko modu asko daude, eta zalantza sor dezaketenetako bat aipatu nahi genuke hemen: hau guztia eta haren kidekoak. Maiz ikusten ditugu honelakoak: Eduki *guzti hau doan ikus dezakezu. Guk sufritutako oinaze *guzti hura ezin daiteke beste inon errepikatu. Informazio *guzti hori biltzen ari gara eta dena txosten batean jasoko dugu. Erabilera hori hegoaldean zabaldu da batez ere. Alabaina, Euskaltzaindiaren 4. arauaren arabera, hobe da erakuslea zenbatzailearen aurretik jartzea. Beraz, aurreko esaldi horiek honela adierazi behar genituzke: Eduki hau guztia doan ikus dezakezu. Guk sufritutako oinaze hura guztia ezin daiteke beste inon errepikatu. Informazio hori guztia biltzen ari gara eta dena txosten batean jasoko dugu. Gainera, kontuan hartu behar da esapide horretako bi elementuak deklinatu behar direla, bai erakuslea (hau, hori, hura), baita zenbatzailea ere (guzti): Zer gertatu da material horrekin guztiarekin? Zailtasun horiekin guztiekin, zer-nolako etxeetan amaitzen dute gazteek? Urte hauetan guztietan, helburuak finkatu eta horiek lortzeko lanean aritu gara.
Orduko: aurretik edo ondoren? Euskaraz, «orduko» adizlagunak bi une adieraz ditzake, euskalkiaren arabera. Hiztun batzuek «justu aipatzen den unearen aurrekoa» adierazteko baliatzen dute: Medikua etorri orduko, eria hila izanen da. Ezkondu orduko beteak izango dituzte 10 urte elkarrekin. Beste batzuek, berriz, «justu aipatzen den unearen ondorengoa» adierazteko baliatzen dute: Ohean sartu orduko, loak hartzen nau. Liburu bat irakurtzen bukatu orduko hasten du bestea. Batzuetan oso argi dago hiztunak zer adierazi nahi duen. Beste batzuetan, testuinguruak argitu beharko digu aurrez edo ondoren gertatu den dena delakoa: Etxeratu orduko konturatu zen. (etxean sartu aurretik edo ondoren?) Gurasoak iritsi orduko txukundu zuen gela. (gurasoak iritsi aurretik edo iritsi eta berehala?)
aitak ≠ gurasoak ✅ gurasoen elkarteak antolatu du (amaz eta aitaz osatutako elkartea; beraz, emakumezkoak eta gizonezkoak) ❔aiten elkarteak antolatu du (aitaz osatutako elkartea; beraz, denak gizonezkoak) ✅ gurasoen elkarteak antolatu du (amaz eta aitaz osatutako elkartea; beraz, emakumezkoak eta gizonezkoak) ❔aiten elkarteak antolatu du (aitaz osatutako elkartea; beraz, denak gizonezkoak) Gurasoak eta aitak hitzak ez dira sinonimoak, eta ez dira trukagarriak testuinguru gehienetan. Guraso hitzak, pluralean erabiltzen dugunean (gurasoak), bi pertsona hartzen ditu barnean: aita eta ama, bi ama edo bi aita; aitak esatean, ordea, gizonezkoei bakarrik egiten zaie erreferentzia. Bestalde, guraso hitza pluralean erabiltzen da gehienetan, baina singularrean ere erabil daiteke, aita edo ama bat adierazteko. Beraz, baztertzekoa da generikoetan erreferentzia maskulinoa soilik erabiltzea (askotan, gaztelaniaren eraginagatik). Antzeko arazoa gertatzen da kasu hauetan: aitonak/aitona-amonak, jaunak/jaun-andreak, osabak/osaba-izebak, anaiak/anai-arrebak, erregeak/ errege-erreginak. Informazio gehiagorako: Euskara Batuaren Eskuliburua
balio ≠ balore Trukagarriak izango balira bezala erabiltzen dira askotan, baina adiera desberdinak dituzte. Balore askoz mugatuagoa da balio baino. Elhuyar Hiztegian, baliok zazpi adiera ditu; balorek, berriz, bi bakarrik. Baloreren bi adierak hauek dira: Lagunartean, kemena eta adorea adierazi ditzake: hori egiteko balorerik ez duzu izan Ekonomian termino moduan: balore-burtsa Baliok berriz, prezioarekin lotutakoak ez ezik, etikarekin eta garrantziarekin lotutako adierak ere baditu. Beraz, askotan ikusten diren hauek, ez dira zuzenak: 42 mila milioiren balorea du (42 mila milioiren balioa du) proiektuak gure baloreekin bat egiten du (proiektuak gure balioekin bat egiten du) literatura lan baten balorea (literatura lan baten balioa) balore kalorikoa (balio kalorikoa) Balio eta balore gure hiztegian: Balio: https://hiztegiak.elhuyar.eus/eu/balio Balore: https://hiztegiak.elhuyar.eus/eu/balore
Hitz arrotzak: hizkuntza bakoitzak bere arauak Testuak idaztean, kontuan hartu behar dira gure idazkiaren hizkuntzaren arauak, bistan da. Baina testuak itzultzen ari garenean, jatorrizko hizkuntzaren arauak ere hartu behar dira kontuan, helburuko testuan behar ez denean aplika ez ditzagun. Adibidez, hitz arrotzak letra etzanez idazten dira bai euskaraz eta bai gaztelaniaz, baina hizkuntza batean arrotz diren hitzak ez dute hala izan beharrik bestean. Ondorioz, hizkuntza batean letra etzanez idatzi behar diren hitz batzuk ez dira hala idatzi behar bestean. Demagun gaztelaniatik euskarara itzultzen ari garela, eta jatorrizko testuan hitz hauetakoren bat ageri dela, letra etzanez: “software”, “hardware”, “byte”, “ranking”, “stand”, “streaming”, “smartphone”. RAEren hiztegian begiratuta, ikusiko dugu hiztegian ez daudela ez “streaming” eta ez “smartphone”, eta, beraz, hitz arrotzak direla, letra etzanez idatzi beharrekoak. “Software”, “hardware”, “byte”, “ranking” eta “stand” hitzak, berriz, badaude RAEren hiztegian, baina letra etzanez, eta, beraz, horiek ere letra etzanez idaztekoak dira. Hitz horiek berak euskarazko testu batean jarri behar ditugunean, ordea, ez dira letra etzanez idatzi behar. Euskaltzaindiaren Hiztegian letra-tipo arruntez jasoak daude denak ala denak. Alegia, euskaraz idaztean euskarari dagozkion arauak hartu behar ditugu kontuan, jatorrizko testuko formatuak itsu-itsuan kopiatu gabe. Horregatik, gaztelaniaz honela idatziko genuke: En el stand de la feria presentarán el nuevo smartphone, que lleva un software mejorado. Se espera que suba al número uno del ranking de ventas antes de final de mes. Eta euskaraz, berriz: Azokako standean, smartphone berria aurkeztuko dute, software hobetuz hornitua. Hilabetearen bukaera baino lehen salmenten rankingeko lehen postuan egotea espero da.
ikusteke eta ikusteko ez dira sinonimo Aditzari -t(z)eke gehitzen diogunean, gabetasuna adierazi nahi dugu euskaraz. Halaxe erabiltzen da mendebaldeko euskara batzuetan. Hona adibide batzuk: - Kaixo, Miren! Zenbat denbora ikusteke! (“Zenbat denbora ikusi gabe/barik”) - Kontuz, ume! Hortik erortzeke! (“Hortik erori gabe/barik”) - Gaur gosaltzeke etorri naiz lanera (“Gaur gosaldu gabe/barik”) Aspalditxo honetan, ordea, beste erabilera bat ikusten hasi gara bazterretan. Honako hau: - Bihar bilera egingo dute langileek eta patronalak, eta ikusteke dago zer erabakitzen duten Okerra da esaldi hori; izan ere, ikusteke eta ikusteko ez dira sinonimo. -t(z)eke moldeak gabetasuna adierazten du soil-soilik. -t(z)eko moldeak, berriz, gabetasunaz gain zerbait egitea aurreikusten dela edo egiteko asmoa dagoela adierazten du. - Kontzertua non egingo den erabakitzeko dago Esaldi hori zuzena da, eta baita beste hau ere: - Kontzertua non egingo den erabakitzeke dago Baina ez dute gauza bera esan nahi. Lehenean ulertzen da aurrerago erabakiko dutela kontzertua non egingo duten, eta, bigarrenean, erabaki gabe dagoela, besterik gabe. Hemen argibide gehiago: Jagonet
bera ≠ berdin Hiztun askok nahastu egiten ditu bera eta berdin; antzekoak badirudite ere, oso desberdinak dira. Gaurkoan, ezberdintzen ikasiko dugu. Berdin izenlagunak antz handia duten bi pertsona edo objektu daudela adierazten du, hau da, hiztunak elementu bati baino gehiagori egiten dio erreferentzia: - Manexek eta Danelek jertse berdina daramate. à Antz handia duten bi jertse dira, eta bakoitzak berea darama. - Norak eta Elenek auto berdina erosi dute. à Auto-marka bereko bi auto dira, eta bakoitzak berea erosi du. - Zati berdinetan banatu zuen tarta. à Antzeko tamaina duten zenbait zatitan banatu dute tarta. Aldiz, ber(a) determinatzaileak gauza bakar bati egiten dio erreferentzia: - Atzo Manexek eraman zuen jertse berarekin joango da Danel bihar. à Jertsea bakarra da, eta jertse horixe da atzo Manexek jantzi zuena eta bihar Danelek jantziko duena. - Nora eta Elene auto berean joan dira unibertsitatera. à Auto bat besterik ez dago. - Tartako zati bera aukeratu dute Anek eta Julenek. à Tartako zati horixe aukeratu dute biek. Adibide honekin argiago ikusten da erreferenteen arteko aldea: à Atzo portuan ikusi genuen bizikleta bera da hori. (Bizikleta bakar bat dago. Atzo ikusitakoa eta gaur ikusitakoa bizikleta bera da). à Mikelen bizikleta eta Milarena berdinak dira (Bi bizikleta daude, Mikelana bata eta Milarena bestea. Eta biak berdinak dira) Horrenbestez, desegokiak dira honelakoak: *Irakasle berdina etorri zen atzo eta lehengo astean. *Herriko eliza eta udaletxea eraikin berdinean daude. *Urte berdinean jaio ginen. Izen abstraktuekin, ordea, lausotu egiten da aldea. Kasu horietan bi aukerak onargarriak dira, nahiz eta irtenbide ohikoena bera izan. atzoko tenperatura bera / atzoko tenperatura berdina iritzi bera / iritzi berdina ideia bera / ideia berdina Bera eta berdini buruz gehiago jakiteko, jo Euskara Batuaren Eskuliburura.
Oraindik orain ez da oraindik (ere) Oraindik orain esapideak duela gutxi edo arestian esan nahi du. Ikus ditzagun adibide batzuk: ✅Oraindik orain ezkondu da. ✅Oraindik orain izan da herrian. ✅Ez dituk oraindik oraingo kontuak, motel! Baina ez da adiera horrekin erabiltzen beti. Hona hemen bestelako adibide batzuk: ❔Oraindik orain ez dago garbi zer gertatu den. ❔Euskararen arazoa da (…) oraindik orain ez dela ofiziala euskararen lurralde osoan ❔Eskola, herria bezala, euskalduna da; gure eremuan gazteleraren presentzia handitu den arren, oraindik orain, euskara da eguneroko hizkuntza. Zuzenak al dira adibide horiek? Ikus dezagun zer dioten hiztegiek: Euskaltzaindiaren Hiztegia: oraindik orain adb. Oraintsu, duela gutxi. Ik. arestian. Oraindik orain agertu den artikulu batean. Ez dago ahazterik aurrerapen horiek aldi igaroetan dutela erroa, batez ere oraindik orain, atzo esan dezakegu, euskaraz mintzatzen ahalegindu ziren idazle eta bertsolariengan. Oraindik orain eta orain bertan. || Jakintza hau oraindik oraingoa baita. Elhuyar Hiztegia: oraindik orain hace poco, recientemente Oraindik orain agertu den artikulu batean: en un artículo aparecido recientemente Orotariko Euskal Hiztegia: ORAINDIK ORAIN. (G-azp-goi-to; oaindik oain G-azp). Ref.: A; Gte Erd 241; ZestErret. "Recientemente" A. Oraindik orain emen egon da (G-azp-goi), oraindik orain ezkondu da (G-azp) Gte Erd 241. Cf. ORAINDINO ORAINTSU. Oraindik orain argitaratu duen itzkribu-lan adiragarrian. EE 1884a, 137. Ango gauzen berri ederki dakien batek oraindik orain egin ditu iru galdeera auek. A Ezale 1898, 44a. Azpeitiyan e señale batzuk / oraindik orain bota ginduan. EusJok 102. Santa Teodosi inguruko arzulo batean oraindik-orain agertu diran lur-ontziak. JMB ELG 66. Oraindik orain Mixio guzien zaindari izendatu digu Eliza Amak. MAtx Gazt 102. Oraindik orain, atzo, / beste ertzean nengoan. Gand Elorri 112. Oraindik orain periodikuak ekarri zuten. EgutAr 21-11-1965 (ap. DRA ). Oraindik-orain, Mujikaren [...] bertsoak entzuten nengoala. Insausti 23. Oraindik orain, esaten zidan euskaldun ez den batek [...]. MIH 122. Milango Corriere della Seran azaldu da, oraindik orain, Salvador de Madariagaren artikulu bat. Ib. 270. Oraindik orain eman digu ahalegin horien berri Lafitte jaunak. MEIG II 33. Beraz, hiztegiek diotenari eta erabilerari begiratuta —bizi-bizirik dago oraindik eremu batzuetan—, badirudi ez dagoela zalantzarik: “oraindik orain” ezin da erabili “oraindik (ere)” adierazteko. Halaxe jaso dute Berriaren Estilo Liburuan ere: oraindik orain. Orain dela gutxi. Ez erabili 'oraindik (ere)' adierazteko. Oraindik orain ez dut bukatu liburua*[e.] Oraindik ez dut bukatu liburua. Beraz, honela zuzenduko genituzke goian emandako adibideak (ezkerreko zutabean, okerreko esaldiak daude, eta eskuinekoan, zuzenduak) : ❌ Oraindik orain ez dago garbi zer gertatu den ✅Oraindik ez dago garbi zer gertatu den ❌Euskararen arazoa da (…) oraindik orain ez dela ofiziala euskararen lurralde osoan ✅Euskararen arazoa da (…) oraindik ez dela ofiziala euskararen lurralde osoan. ❌Eskola, herria bezala, euskalduna da; gure eremuan gazteleraren presentzia handitu den arren, oraindik orain, euskara da eguneroko hizkuntza. ✅Eskola, herria bezala, euskalduna da; gure eremuan gazteleraren presentzia handitu den arren, oraindik euskara da eguneroko hizkuntza.
Zer ordutan geratu gara? Galdera horren aurrean, honelako erantzunak entzuten dira maiz: Ordu bi eta erdi, institutuko sarreran. Bederatzi eta laurden, udaletxe parean. Laurak laurden gutxi, geltokian. Erantzun horiek ez dira zuzenak, deklinabide-atzizkia falta baitzaie orduei. Beraz, hauek dira galdera horri erantzuteko modu zuzenak: Ordu bi eta erdietan, institutuko sarreran. Bederatzi eta laurdenetan, udaletxe parean. Bederatziak eta laurdenetan, udaletxe parean. Laurak laurden gutxitan, geltokian. Laurak laurden gutxiagotan, geltokian. Bestalde, orduak idazteari eta esateari buruzko zalantzak argitzeko, Euskara Batuaren Eskuliburuko «Orduak nola esan» atalera jo dezakezue.
Zentzuz, bai, baina pasatu gabe Maiz irakurtzen ditugu honelako esaldiak: Zentzu horretan, EH Bilduk bere adierarik zabalenean beteko du Gasteizko Parlamentuko autogobernu ponentzian estatus politiko berria eraikitzen joateko EAJrekin eta Podemosekin lotua daukan akordioa. Aurten finalaurrekoetatik kantatu dut eta, zentzu horretan, inozentzia ongi galduta daukat. Zentzu horretan, beharrezkoa da arazoaren erroa seinalatzea. Gure herri honetan gure kirolak dauzkagu, eta zentzu horretan kirol arduraduna izatea izugarria da. Zentzu horretan, nabarmendu nahi dugu garrantzi handia duela... Gaztelaniazko «en ese sentido» edo frantsesezko «en ce sens» lokailuen kalko kaskar gisa sartu zaigu «zentzu horretan», eta barra-barra ageri da testu orokorretan, administraziokoetan zein dibulgaziokoetan, bai eta ahoz ere, ikus-entzunezko saio askotarikoetan ere. Euskara Batuaren Eskuliburuak jasoa du hori, eta honela azaltzen du zentzu sarreran: Sarritan, desegoki erabiltzen da, kalkoz, testu-antolatzaile gisa erdarazko bi esapide hauen gisakoetan, ondorioztapenezko edota emendiozko zentzua eman nahian: - (es) ‘en ese sentido’; (fr) ‘en ce sens’; ?zentzu horretan (> hori dela eta, horren haritik, ildo horretan, orobat...) ?Zentzu horretan mintzatu da alkatea aste honetan (> Ildo horretan mintzatu da alkatea aste honetan). ?Zentzu horretan, hiru dira helburuak (> Alde horretatik / Horri dagokionez, hiru dira helburuak). Kontuan hartzea komeni da, beraz, eta «zentzu horretan» desegokiaren ordez hori dela eta, horren haritik, ildo horretan, orobat, -i dagokionez… baliatzea, betiere testuinguruari erreparatuta; beste batzuetan, berriz, testuinguruaren arabera, gaztelaniazko «en ese sentido»ren ordain egokiena ezer ez jartzea da, makulu-hitz edo betegarri huts baita maiz. Izan ere, ez dugu ahaztu behar ez ditugula hitzak itzultzen, ezta esaldiak ere, hitz edo esaldi horiek diotena baizik. Ez da guk esana, Miguel Sáenz gaztelaniazko itzultzaile handiak baizik, liburutxo mehe bezain gihartsu honetan: Traducción. Dieciocho conferencias magistrales y dos discursos de circunstancias.
*Merkatal eta *nekazal ez dira zuzenak Garai batean asko zabaldu ziren *merkatal eta *nekazal hitzak, baina desegokiak dira bi-biak. Beraz, nola adierazi behar ditugu euskaraz erdaretako bi adjektibo erreferentzial hauek? comercial, mercantil (es); commercial (fr) agrícola (es); agricole (fr) (baita agro- aurrizkia ere bi hizkuntzetan) Merkataritza(-), komertzial, *merkatal(-) Funtzio gramatikalaren arabera, bi hitz horiek dira egokiak: merkataritza izena, elkarketan komertzial adjektiboa Merkataritza izenari dagokionez, sarrera hauek daude jasota Euskaltzaindiaren Hiztegian: merkataritza(-)zentro (*merkatal zentro) merkataritza(-)gune (*merkatalgune) merkataritza(-)erregistro merkataritza(-)nabigazio merkataritza(-)ontzi merkataritza(-)sozietate Elhuyar Hiztegian, horietaz gain, beste hauek ere badaude: merkataritza(-)ganbera (*merkatal ganbera) merkataritza(-)zuzenbide (*merkatal zuzenbide) Komertzial adjektiboari dagokionez, berriz, Euskaltzaindiaren Hiztegiko adibideetan termino hauek ageri dira: irizpide komertzial iragarki komertzial film komertzial firma komertzial produkzio komertzial Horietako batzuetan, merkataritza(-) ere aukeran egon liteke: irizpide komertzial merkataritza(-)irizpide Baina ez denetan: film komertzial *merkataritza(-)film Nekazari(-), nekazaritza(-), landa(-), baserri(-), *nekazal(-) *Nekazal(-) erroa ez da arauzkoa hitz-elkarketa berriak egiteko. Beraz, hau da era honetako hitz-elkarteak egiteko modu egokia (marratxoz lotuta zein bereiz): nekazari(-)kooperatiba (*nekazal kooperatiba) nekazaritza(-)aro (*nekazal aro) landa(-)turismo, baserri(-)turismo, nekazaritza(-)turismo (*nekazal turismo, *nekazal etxe) nekazari(-)sindikatuak, nekazarien sindikatuak (*nekazal sindikatuak) Euskaltzaindiaren Hiztegian, sarrera hauek daude jasota: nekazaritza(-)eskola nekazaritza(-)sektore nekazaritza(-)turismo Adibideetan, berriz, hitz-elkarte hauek aurkitu ditugu: nekazaritza(-)ministro nekazaritza(-)ekoizpen nekazaritza(-)lan nekazaritza(-)produktu nekazaritza(-)sistema nekazaritza(-)ustiategi Nekazalgo izena ere jasoa dago Euskaltzaindiaren Hiztegian, baina horixe da salbuespen bakarra: nekazalgo iz. naf. Nekazaritza, nekazariaren lana. Nekazalgoa lan gogorra da. Nire osaba nekazalgoan ari da. -al hitz-bukaerakoari buruz gehiago jakiteko, sakatu hemen.
Adi kalko okerrekin! Hizkuntzen arteko harremanak eragiten ditu kalkoak, eta, beraz, hizkuntza guztiek baliatzen dituzte. Kalkoei buruzko informazio osatua nahi baduzue, jo ezazue EIMAren estilo-libururako Juan Garziak idatzitako Kalko okerrak liburura. Hartan jasotako definizioaren arabera, «hizkuntza batek beste baten eredutik berera egokitzen duen egiturari esaten zaio kalko». Badira, ordea, kalkoen artean batzuk okerrak. Hona Garziaren hitzak: «Kalko batzuk okerrak dira. Alegia, premiarik gabe jotzen dugu batzuetan erdararen imitaziora, abantaila baino kalte handiagoz. Abantailarik eza, hain zuzen, premiarik ezaren ondorio garbia da. Kaltea, berriz, euskararen sistemari egiten zaiona da, erdararenaz nahasten baita, autonomia eta baliagarritasuna galtzeko bidean jarriz.» Kalko lexikoak ditugu ezagunenak (esate baterako, «ilea hartu»), baina, lexikotik harago, sintaxian ere gertatzen dira kalkoak, eta horiek, hain antzeman-errazak ez badira ere, eragin larriagoa izaten dute gehienetan, behin eta berriz errepikatzen baitira esaldietan. Garziak berak aipatzen duen adibide ezagun bat jartzearren: *Ezagutzen ditut mutil batzuk bizi direla baserri batean… Alegia, gaztelaniazko que erlatibozkoa euskarazko perpaus osagarrien –(e)la atzizkiaren bidez ematea. Adibide bat baino ez da hori, noski. Kontuan izanik gero eta gehiago erabiltzen dugula itzulpen automatikoa testu pragmatikoak itzultzeko, lehen baino are erneago ibili behar dugu horrelako arazoak saihesteko, itzulpen automatikoak kalko okerretarako joera baitu. Hona, adibidez, berriki topatutako egitura bat gaztelaniatik euskarara itzulitako testu batean: Jatorrizkoa: Significado del nombre El significado del nombre estaría relacionado con la figura mitológica de las ninfas de agua. Euskarazko itzulpena: Izenaren jatorria Izenaren esanahia ur-ninfen figura mitologikoarekin lotuta egongo litzateke. Testuinguru pixka bat: Euskal izen batzuen (ustezko) jatorriari buruzko gaztelaniazko testu batetik hartua da adibidea. Jatorrizko esaldia idatzi duenak baldintza erabili du gaztelaniaz, esaten ari denari buruzko zalantza-zantzu bat uzteko; alegia, izenaren jatorriari buruz dioena ez dadin literalki ulertu, ez baitago hori inon frogatzerik. Ez du esaten El significado del nombre está relacionado, baizik eta estaría relacionado. Badaezpada. Euskarazko itzulpenak gaztelaniazko egituraren itzulpen literala egin du: Izenaren esanahia ur-ninfen figura mitologikoarekin lotuta egongo litzateke. Zer forma baliatzen ditugu, baina, euskaraz, zalantza hori adierazteko? Forma bat baino gehiago ditugu horretarako; esate baterako: Izenaren esanahia ur-ninfen figura mitologikoarekin lotuta egon omen daiteke. Badirudi izenaren esanahia ur-ninfen figura mitologikoarekin lotuta dagoela/egon daitekeela. ... Ez gara gu noski, kalko-ehiza itxuragabean aritu zale. Baina itzulpen automatikoa oso tresna ahaltsua da, eta era guztietako kalkoak —egokiak eta okerrak, edo gordin samarrak behintzat— erreproduzitzeko indar handiko makina. Testugileari, beraz, komeni zaio erne egotea eta premiarik gabeko kalkoetara ez jotzea.
zenbait ≠ hainbat Zenbatzaile zehaztugabeak izan arren, ez dira sinonimoak. hainbat = batzuk baino gehiago, asko zenbait = batzuk Singularrez nahiz pluralez egiten dute aditzarekiko komunztadura zenbait eta hainbat zenbatzaile zehaztugabeak daramatzaten sintagmek. Kasu-markak eranstean, izena mugagabean jarri behar da. Zenbait jendek uste du/dute. Hainbatek uste du/dute gaizki ari garela. Bestalde, kontuz ibili behar da gaztelaniazko diferentes, diversos eta antzekoak, euskarara itzultzean (izenaren aurretik agertu ohi dira). Diccionario de la Lengua Española (DLE) lanean honela definitzen dute diverso: 3. adj. Varios o muchos. Euskarara ekartzean, beraz, erabaki bat edo beste hartu beharko dugu, jatorrizko adieraren arabera: varios-> zenbait, batzuk Zenbaiti berdintsu zaio/zaie. Zenbaitek baiezkoa eman du/dute, baina gehienek ez. muchos-> hainbat Hortik etorri dira/da hainbat kalte. Hainbat aldiz esan diot, baina ez dit kasurik egin. Gehiago jakiteko: https://31eskutik.eus/2015/12/11/hainbat-ez-dira-batzuk/
Noiz utzi behar da zuriunea sinboloaren eta zenbakiaren artean eta noiz ez? Zenbakiekin aritzen garenean, aritmetikan adibidez, eragiketak egiten ditugu askotan, eta sinboloak erabiltzen ditugu eragiketak adierazteko. Adibidez, + (gehi) eta – (ken) sinboloak erabiltzen ditugu batuketak eta kenketak egiteko. Sinbolo horiei eragile deritze. Zehazki, eragile bitarrak dira, bi entitate matematikoren artean erlazio bat edo eragiketa bat ezartzen dutelako. Eragiketa aritmetikoetan, zuriunea utzi behar da zenbakiaren (edo aldagaiaren) eta eragilearen artean. Honela: 3 + 2 = 5 (hiru gehi bi berdin bost) 7 – 3 = 4 (zazpi ken hiru berdin lau) Eta ez honela: 3+2=5 7–3=4 Baina + eta – sinboloak ez dira batuketa eta kenketetan bakarrik erabiltzen. Zenbaki bat positiboa edo negatiboa dela adierazteko ere baliatzen dira. Funtzio hori betetzen dutenean, + sinboloari plus deritzo, eta – sinboloari minus. Kasu horretan, sinbolo horiek ez dute erlazio bat edo eragiketa bat ezartzen bi entitateren artean, baizik ondoan duten zenbakiari edo adierazpenari bakarrik eragiten diote (eragile unario deritze). Kasu horretan, zenbakiari loturik idazten dira, tartean zuriunerik utzi gabe. Honela: +15 (plus hamabost, zenbaki positiboa) –5 (minus bost, zenbaki negatiboa; –5 °C ko tenperatura; –% 1eko hazkundea) Eta ez honela: + 15 – 5; – % 1 Eta desberdintasuna adierazten duten > (handiago) eta < (txikiago) sinboloek ere jokabide bikoitza dute, + eta – sinboloek bezala. Zuriunea behar da bi zenbaki edo adierazpideren artean daudenean: a > b; 7 > 5 (a handiago be; zazpi handiago bost) (irakurketa naturalean: a handiagoa da be baino; zazpi handiagoa da bost baino) a < b; 5 < 7 (a txikiago be; bost txikiago zazpi) (irakurketa naturalean: a txikiagoa da be baino; bost txikiagoa da zazpi baino) Eta zuriunerik gabe idazten dira bi zenbaki edo adierazpideren artean ez badaude: <2500 (2500 baino gutxiago) 3001> (3001 baino gehiago)
Badator Zinemaldia! Ostiralean hasiko da Zinemaldia eta zinema-izarrez beteko da Donostia. Egun hauetan zinema eta filmak hizpide izango direnez, horri buruz idatzi eta aritzeko lagungarri izan daitezkeen hitz batzuen erabilera gogorarazi nahi dugu: film (*filme) Godarden film batekin hasiko da Zabaltegi-Tabakalera saila. (Berria) film luze, film labur (*luzemetraia, *laburmetraia) Zuzendari frantsesaren hilondoko film laburra ez ezik, hamabost film luze, beste zazpi labur eta bi ertain emango dituzte. (Berria) egile-zinema, autore-zinema (*autorezko zinema) (…), azken bost hamarkadetako egile-zinema handira lotutako ibilbide profesionala egin duen pertsonaia baten bidez. (Tabakalera) aurrestreinaldi (*aurre-estreinaldi, *estreinaldiaurre, *aurreestreinaldi) (…), hilaren 25eko EITB Galan ‘Itsatsita’ film musikalaren aurrestreinaldia egingo da; eta Belodromoan, ‘Go!azen 11’ denboraldi berriaren aurrestreinaldi handia. (72. Donostia Zinemaldia) rol (adiera honetarako paper hitza saihestea gomendatzen da) Rol honengatik, Vickyk emakumezko aktore protagonista onenaren Gaudí saria jaso zuen. (71. Donostia Zinemaldia) filmatze, filmaketa (zinemaren testuinguruan errodaje ez erabiltzea gomendatzen da) (…), zuzendari eta aktoreek ikusleei filmatzeen sekretuak kontatuko dizkiete, (…) (Dabilena) Ekainaren 10ean bukatu da “Le Sanctuaire”ren filmaketa Luhuson. (Argia) kamera (*kamara) (…) egunerokoan gailu askorekin lan egitea egokitu zaio Xabierri, kamera aurrean batzuetan, kamera atzean bestetan. (Tokikom) ikus-entzunezko (*ikusentzunezko) Nabarmentzekoa da Tabakalerak ikus-entzunezko lanen alde egindako apustua (...) (72. Donostia Zinemaldia) Eta, badakizue, gozatu zinemaz pantaila handian!
Hitz elkartuak eta marratxoa Hitz-elkarketako marratxoak lanak eman ditzake; izan ere, jarri beharrekoa da batzuetan, ez jartzekoa beste batzuetan, eta, azkenik, aukerakoa da zenbaitetan. Aukerakoa denean, norberak erabakitzen du zer irizpideri jarraitu. Testu osoan irizpide bera baliatzea komeni da, ordea, eta, horretarako, argi izan behar dugu zein diren aukerak. Euskaltzaindiaren 25. arauan jasotzen da nola jokatu behar dugun (Hitz elkartuen osaera eta idazkera), eta Euskara Batuaren Eskuliburuan, berriz, azalpen xeheagoak daude (Hitz elkartuen osaera eta idazkera). Marratxoz lotu behar dira beti Zalantzak argitzen hasteko, ikus dezagun noiz jarri behar den marratxoa bi hitz lotzeko: Hitzen errepikapenetan (adibidez, esanahia indartzeko egiten direnetan): bizi-bizia, urdin-urdina, ia-ia, poliki-poliki... Ikusi-makusi, zirri-zarra eta halakoetan. Bi hitzen artean "eta" esanahia dagoenean: txuri-urdin, Markina-Xemein, izeba-iloba... Ezaugarri bat ez dutenak adierazteko hitzaren aurretik "ez" jartzen denean: ez-metaliko, ez-organiko, ez-ofizial... Sinboloak deklinatzen direnean ere marratxoa jartzen da: 20 °C-ra, 1 m-eko, Br-aren... Euskaltzaindiaren Hiztegian marrarekin lotuak daudenean (marrarik gabeko aukerarik gabe): goi-indize, azpi-indize, jakin-min, gaizki-ulertu... Marratxoa aukerakoa da Kasu hauetan, oro har, norberak aukeratzen du jarri edo ez: Bi izen arrunt elkartzen diren gainerako kasuetan (aipatutako salbuespenak salbuespen): bide orri / bide-orri, etxe atari / etxe-atari, artzain txakur / artzain-txakur... Marratxoa jartzea aukerakoa da, halaber, kanpoko izen berezi ezezagunak deklinatzean: Mendeleievek/Mendeleiev-ek, Perraulten/Perrault-en... Nola jokatu marratxoa aukerakoa denean? Kanpoko izen bereziak deklinatzean marratxoa jartzea edo ez jartzea testu-motaren arabera erabaki daiteke. Dena delakoagatik komeni bada izenak zehazki non bukatzen diren jakitea, marratxoa jarri. Ez badago beharrik, ez. Betiere koherentziari eutsiz. Gainerako aukerako kasuetan, ordea, marratxoa jartzearen aldekoa da Elhuyar. Zergatik? Gaizki-ulertu asko eragozten direlako, eta anbiguotasun asko argi gelditzen direlako lehen irakurralditik. Adibidez, abiadura konstantea jartzen badugu, izan daiteke gaztelaniazko velocidad constante edo constante de velocidad. Abiadura-konstantea, aldiz, beti izango da constante de velocidad. Euskaltzaindiaren 25. araua (Hitz elkartuen osaera eta idazkera) Azkenik, zalantzaren bat gelditzen bada, jo Euskaltzaindiaren 25. araura. Marratxorik gabe edo erabat loturik idatzi behar direnak ere zehazten dira: Beraz, hau da Euskaltzaindiaren erabakia: 1. Bereiz idatziko dira: — aposizioak (Bidasoa ibaia), — egin, eman, hartu eta eragin aditzekin osatzen diren aditz elkarteak (lo egin), — etxez etxe moduko bikoiztapenak, — egin berri modukoak, — mahai gainean gisako posposizioak, — bigarren osagaia bila, eske edo falta duten elkarteak, — lehen osagaia erdal, euskal, giza eta itsas duten elkarteak, ihartuak ez diren neurrian, — lehen osagaiaren amaierako >a< galtzen denean (biologi azterketa). 2. Marrarekin idatziko dira: — gorri-gorria moduko bikoiztapen indargarriak, — apurka-apurka bezalako bikoiztapenak, — seme-alabak, zuri-gorri modukoak, — barra-barra, plisti-plasta bezalakoak, — Ezkio-Itsaso moduko leku izen elkartuak (bi hizkuntzatan ematen direnean, ordea, ez: Lizarra/Estella). 3. Loturik idatziko dira: — jarleku moduko elkarteak, — aldagaitz bezalako izaera elkarteak, — odolustu moduko izen-elkarte arruntak, — bigarren osagaia -gin, -gile, -zain, -zale, -dun, -gabe edo-ta -gintza, -za(i)ntza duten elkarteak, — bigarren osagaia -aldi, -buru, -gizon, -(g)une, -kide -(k)ume, -orde duten izen elkarteak, — lehen osagaia aurre-, azpi- eta -gain duten izen elkarteak, — lauburu moduko elkarteak. 4. Marrarekin edo marra gabe, nahi den bezala: — eguzki lore, eguzki-lore moduko izen elkartu arruntak, — kale garbitzaile, kale-garbitzaile modukoak. (Bi hitzak letra larriz hasten direnean hobe da, hala ere, marra gabe idaztea). 5. Elkarteko lehenbiziko osagaiak >ia< amaiera duenean >a<-rekin nahiz >a< gabe idatz daitezke: biologi azterketa, biologia azterketa. Bestelako >a< itsatsiak ez dira galtzen elkarketa egiten denean, eta hitzak bere osotasunean eman behar dira. Salbuespen dira, dena dela, honako sei hitz hauek: burdina, eliza, hizkuntza, kultura, literatura eta natura. Hitz hauek, hala nahi izanez gero, gal dezakete >a< hori. Idazkerari dagokionez, amaierako >a< galtzen den bakoitzean, bereiz idatziko da hitz elkartua eta >a< gordetzen denean, aukeran izango da bereiz idaztea nahiz marratxoa erabiltzea: kultur etxea, biologi azterketa, kultura(-)etxea, biologia(-)azterketa.
Hauteskundeen inguruko lexikoa Laster hauteskundeak izango dira, eta dagoeneko ari zaizkigu horren inguruko berriak leku guztietatik iristen. Gaurkoan, hauteskundeetan erabiltzen ditugun zenbait hitzen erabilera egokia zein den argituko dugu. boto (*botu): Boto zuria eta boto baliogabeak igo egin dira hauteskunde hauetan. boz terminoak bi adiera ditu: ‘boto’ adierazten duena: Boz-emaileen % 80 baino gehiago joan da bozkatzera. Boza emateko eskubidea. ‘bozketa’, ‘botazio’, ‘bozka’ edo ‘hauteskunde’ adierazten duena. Beti pluralean erabiltzen da: Abstentzioak gora egin du Hego Euskal Herriko bozetan. bozka: ‘bozketa’ adierazten du, baina, ‘boto’ hitzaren adiera berarekin erabiltzen da zenbaitetan. Horregatik, honelako esaldi okerrak ikusten dira: EH Bilduk inoiz baino *bozka gehiago lortu ditu. è e. boto gehiago Nahiz eta eskuin-muturraren kontrako *bozka nagusitu den, Le Penen alderdiaren gorakada nabarmena da Ipar Euskal Herrian. è e. kontrako botoa bozkatu aditza NOR-NORK formakoa da, baina, ez du NOR osagarririk hartzen. Beraz, *Herriaren ia erdiak PP bozkatu du gisako esaldiak ez dira zuzenak. Horrelakoetan, -(r)en alde edota -(r)en kontra gehitzea eskatzen dute: Herriaren ia erdiak PPren alde bozkatu du. boto-asmo (*boto-intentzio): Espainiako Gorteetarako Hauteskundeetarako astebete falta denean, EH Bildu litzateke lehen indarra EAEn (boto-asmo zuzenaren % 20,9), EAJri aurrea hartuta (% 18). boto zuri (*boto txuri): 51 boto zuri eta 31 baliogabe zenbatu dira. boto-paper (*papeleta): Arrasateko zenbait etxebizitzatara ez dira iritsi koalizio subiranistaren zenbait boto-paper. bozkaleku, hautesleku (*kolegio elektoral, *hauteskunde-kolegio): Gure ustez, hauteslekuan egindako inkestak dira sinesgarrienak. hautagai-zerrendan egon, hautagai-zerrenda osatu; aurkeztu (*hautagai-zerrendan joan): Ez da berriro aurkeztuko hauteskundeetan. Ez da berriro egongo hauteskunde-zerrendan. *Duela lau urteko hauteskundeetan PSE-EEren hautagai-zerrendan joan zen. hautesleria, hautesleak (*hauteslego): Ohikoena izaten da hautesleriaren % 3-5ek bozkatzea posta bidez. hautetsontzi (*hautestontzi, *hautesontzi): 20:00etan puntuan itxi dituzte hautetsontziak Galizian. jarduneko (*funtzioetako): Ekitaldian egon dira Eusko Jaurlaritzako jarduneko sailburu gehienak. kanpainaurre (*aurrekanpaina): Kanpaina hasteko 10 egun falta direnean, alderdiak kanpainaurrean murgilduta daude. mitin (*meeting): Bost lagun zauritu dira Baionan, FNren mitin baten osteko istiluetan. parte-hartze handia/txikia (*parte-hartze altua/baxua): 9:00etan irekiko dira hauteslekuak, eta parte-hartze handia espero da. zerrendaburu (*zerrenda-buru): Pernando Barrena Europako hauteskundeetako zerrendaburu izatea proposatuko die oinarriei EH Bilduk.
3D siglaren erabilera 3D siglaren jatorria eta sigla hori duten terminoak 3Dk tridimentsionala esan nahi du, hiru dimentsiokoa, eta adierazten du gauzaki batek edo espazio batek hiru dimentsio dituela: zabalera, altuera eta sakonera. Gure espazio fisikoa tridimentsionala da: gu hiru dimentsioko espazioan mugitzen gara. Paper-orri batean marrazten dugunean, marrazkia plano batean dago, eta bi dimentsio ditu: luzera eta zabalera. Paperean gora eta behera eta ezker-eskuin ibil gaitezke marraztean, baina ez dago hirugarren dimentsiorik, ez dago sakonerarik. Beste hainbeste gertatzen da pantailetan: bi dimentsioko irudiak dira. 2D siglak bidimentsionala esan nahi du, bi dimentsiokoa. Bi kolore dituen bandera edo jertse bat bi koloreko bandera edo jertsea da, ez bi koloretakoa. Hiru tinta erabiliz egindako serigrafia bat hiru tintako serigrafia da, ez hiru tintatakoa. Irudi bat lau tintarekin inprimatzen duen errotatiba bat lau tintako errotatiba da, ez lau tintatakoa. Era berean: Irudi tridimentsionalak = hiru dimentsio dituzten irudiak = 3Dko irudiak (EZ: 3Dtako irudiak) Irudi bidimentsionalak = bi dimentsio dituzten irudiak = 2Dko irudiak (EZ: 2Dtako irudiak) Azken urteotan, fabrikazio aditiboa deritzon teknologia garatu eta hedatu da: hiru dimentsioko eredu baten ondoz ondoko sekzio horizontalei dagozkien geruzei materiala gehituz sortzen ditu gauzakiak. Fabrikazio aditiboari hiru dimentsioko inprimaketa deritzo, hau da, 3Dko inprimaketa (fotokopia arruntak, adibidez, 2Dko inprimaketaz egiten dira). 3D sigla, zorionez, egokia da euskararako: tridimentsional / hiru dimentsioko > 3D [tri/hiru > 3 eta dimentsional/dimentsioko > D) Egokia da, halaber, ingeleserako (three-dimensional), gaztelaniarako (tridimensional) edo frantseserako (tridimensionnel), bai eta beste hizkuntza askotarako ere. Dena dela, ez dugu pentsatu behar 3D sigla euskaraz sortua denik. Guztiz ezohikoa da adjektibo batetik eratortzea sigla euskaraz, eta beste hainbeste gaztelaniaz ere. Ingelesez, inprimaketa tridimentsionala terminoa three-dimensional printing da; hortik, sigla erabiliz, 3D printing terminoa sortu zen. Hortik pasatu da beste hizkuntza askotara. Terminoa ingelesetik hartzean, printing hitza itzuli egiten da (inprimaketa), eta 3D sigla (jatorrian three dimensional adjektiboa ordezkatzen du) bere horretan hartu ohi da. Hala ere, gehienetan ez da idazten edo esaten berez behar lukeen 3Dko inprimaketa (hiru dimentsioko inprimaketa); termino horren ordez, 3D inprimaketa erabiltzen da gehienetan, hau da, inprimaketa aposizioan erabilita, offset inprimaketa terminoan bezala. Gauza bera gertatzen da gaztelaniaz ere1. Ez da 3D printing mailegatu den termino bakarra. Berarekin batera, badira 3D film, 3D modeling, 3D display, 3D television, 3D computer graphics, 3D printer… terminoak ere. Termino horiek guztiak gehienbat honela erabiltzen dira euskaraz: 3D filma, 3D modelaketa edo 3D modelatzea, 3D grafikoa, 3D animazioa, 3D eredua, 3D modeloa, 3D telebista, 3D pantaila, 3D infografia, 3D inprimagailua… Haiekin batera, 3Dko filma, 3Dko modelaketa edo 3Dko modelatzea, 3Dko grafikoa, 3Dko animazioa, 3Dko eredua, 3Dko modeloa, 3Dko telebista, 3Dko pantaila, 3Dko infografia, 3Dko inprimagailua eta abar ere erabiltzen dira; erabat zuzenak dira, baina askoz gutxiago erabiltzen dira. Zalantza: 3Dko edo 3Dtako, 3Dan edo 3Dtan? Har ditzagun bi adibide hauek: lau herritako biztanleak eta lau hankako mahaiak. Biak zuzenak dira: batean -tako behar du, eta bestean -ko (Euskaltzaindiaren 34. araua). Hortik ondorioztatzen da 3Dko inprimaketa, 3Dko irudia etab. idatzi beharra (eta ez 3Dtako). Har ditzagun beste bi adibide hauek: lau urtean eta lau urtetan. Biak zuzenak dira, baina esanahi desberdina dute (Euskaltzaindiaren 110. araua). Lau urtean ikasi du euskara (iraupena: hasi zenetik amaitu arte lau urte igaro dira). Lau urtetan atera da danborradan (danborrada urtean behin egiten da, eta lau aldiz atera da; ez dakigu urte horiek elkarren ondokoak izan diren edo ez). Zer gertatzen da leku-denborazko kasuetan (NON/ZENBATEAN, NONDIK, NORA, NORAINO, NORANTZ) denbora ez den beste zerbait erabiltzen dugunean? Euskaltzaindiak ez du horri buruzko araurik eman, baina Euskara Batuaren Eskuliburuak mugatu singularraren aldeko gomendioa ematen du, garbi adierazita mugagabea ere zilegi dela. Elhuyarren mugatu singularra erabiltzen dugu: ZENBATERA: Donostia Hernanitik 10 kilometrora dago (eta ez 10 kilometrotara). ZENBATETIK: Lortu behar da tenperatura 10 gradutik ez jaistea (eta ez 10 gradutatik). ZENBATERANTZ: Tenperatura 100 gradurantz hurbildu ahala (eta ez 100 gradutarantz). ZENBATERAINO: Orduko 140 kilometroraino handitu zuen abiadura (eta ez 140 kilometrotaraino). ZENBATEAN: Orduko ehun eta hogei kilometroko abiaduran nindoan; ehun eta hogeian nindoan (eta ez ehun eta hogeitan). ZENBATEAN: Urak ehun graduko tenperaturan irakiten du: ehun graduan irakiten du (eta ez ehun gradutan). ZENBATEAN: Merkeena 50 euroan saldu zuen (eta ez 50 eurotan). Gatozen orain 3D siglara. Normala da zalantza egitea; izan ere, araurik ez egoteaz gainera, ulertzeko bi aukera ditugu: ZENBATEAN eta NOLA. Eta badakigu NOLA galderari erantzuteko ohikoa dela mugagabea erabiltzea (instrumentalarekin zein inesiboarekin). Horregatik, zuzena da hiru dimentsiotan esatea eta idaztea. Hori ez dago eztabaidan. Hori bezain zuzena da bi dimentsiotik hiru dimentsiora pasatzea esatea eta idaztea. Alegia, leku-denborazko kasuetan inesiboa da, halakoetan, mugagaberako joerarik handiena duena; gainerako kasuetan, ohikoa gertatzen zaigu mugatu singularra. Elhuyarren, hiru dimentsiotan idazteko eragozpenik ez dugu, baina, 3D sigla erabiltzen dugunean (eta noiznahi ateratzen zaigu testuetan, bai geuk sortutakoetan, bai itzultzen ditugun testu teknikoetan), hirude hitza balitz bezala jartzen dizkiogu kasu-markak (gogoan izan siglak, ahal den guztietan, hitz moduan irakurtzen direla), eta mugatu singularrean (3Dan) erabiltzen dugu, uste dugulako hori dela koherenteena zenbatzaileak eta leku-denborazko sintagmak dituzten egituretan aspalditik dugun erabilerarekin, eta, era berean, erabilera hori ondo errotuta dagoelako tradizioan (hogei errealean erosi zuen astoa). Ez gara bakarrak; beste erakunde, talde, eskola eta komunikabide batzuen idazkietan ere ikusten da erabilera hori. Hona hemen adibide erreal batzuk, Elhuyarrek sortuak zein beste erakunde batzuek sortuak: Oinarria 2Dan marraztu eta estrusio bidez 3Dra nola pasatzen den adierazten da. Filma 3Dan grabatu zen. 3Dan inprimatzeko ikastaroa. 3Dan diseinatzeko softwarea librea. Euskal Herriko mapa 3Dan aurkeztu du Seaskak. WebGL teknologiekin fatxadak sortzeko eta 2Dan diseinatzeko tresna, egindako diseinuak 3Dan eta errealitate areagotuarekin bistaratzen dituena. Parte-hartzaileek 3Dan diseinatzen ikasiko dute. Ordiziako Oianguren institutuan 3Dan egindako pantailetako batzuk. Aplikazio honekin pintatu, zizelkatu eta 3Dan tailatu dezakezu. Argazkiekin baino lehenago, munduko ondarea 3Dan zabaldu zen igeltsuz egindako kopiekin. Drone bat diseinatzen, 3Dan inprimatu eta hegan jartzen ikasiko dute. 2011n pelikularen bertsio berria estreinatu zuten zinema aretoetan, 3Dra egokitua. 2Dko armairuaren bista sortzea 3Dtik abiatuz. ---------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------- 1 Gehienetan, impresión 3D erabiltzen da, eta askoz gutxiago impresión de 3D edo impresión en 3D. Adi!, gaztelaniaz impresión 3D terminoan 3D sigla ez da adjektiboa; adjektiboa balitz, plurala hartuko luke ahozkoan (idatzizkoan ez, siglek ez baitute plural-markarik hartzen idatzizkoan: las oenegés, los deeneís esaten da, baina las ONG, los DNI idazten): adibidez, ez da esaten impresiones ‘tresdes’ personalizables, impresoras ‘tresdes’, baizik eta impresiones ‘tresde’ personalizables, impresoras ‘tresde’, baina impresiones tridimensionales personalizables, impresoras tridimensionales esan eta idazten da.
Hauteskundeak deitu egiten al dira? Apirilean hauteskundeak izango dira EAEn. Deialdia egin du Iñigo Urkullu lehendakariak, eta hedabide guztietan agertu da albistea. Lagun arteko elkarrizketetan ere ohiko mintzagai dugu egunotan, baina ondo ari al gara? Gaztelaniaz, Urkullu convoca elecciones edo antzeko zerbait esango zuten, seguru asko. Eta euskaraz? Seguru nonbait irakurri duzula *hauteskundeak deitu dituzte. Kontuz! Hona hemen hori esateko modu egokiago batzuk: EAEn hauteskundeetara deitu dituzte herritarrak EAEn hauteskundeetara deitu diete herritarrei («deitu» aditzak bi erregimen baititu!) EAEn hauteskundeetarako deia egin diete herritarrei EAEn hauteskundeetarako deialdia egin diete herritarrei Eta ez dago zertan deitu aditza erabili: EAEn hauteskundeak egiteko data jarri dute EAEn hauteskundeak antolatu dituzte EAEn hauteskundeak egingo dituzte .../... Modu ugari daude egoera deskribatzeko, baina, deitu aditza erabiltzekotan, beti erabili beharko genuke -era deitu egitura, beste kasu hauetan bezala: bilerara deitu, grebara deitu, elkarretaratzera deitu… (eta ez *bilera deitu, *greba deitu, *elkarretaratzea deitu…).
San Sebastian eguna da urtarrilaren 20a Jaieguna dute urtarrilaren 20a Euskal Herriko zenbait herri eta hiritan, hala nola Donostian, Azpeitian, Lakuntzan eta Tafallan, baina zer jaiegun? Nahastea sortzen da askotan jaiegun horren izendapenarekin: San Sebastian eguna, Donostia eguna… Seguruenik, Gipuzkoako hiriburuaren izena dela-eta sortuko da nahaste hori; alegia, leku-izena gaztelaniaz San Sebastián eta euskaraz Donostia delako. Euskaraz, Sebastian da santu horren izena, eta, beraz, San Sebastian eguna da urtarrilaren 20a, ez *Donostia eguna. Era berean, santu horren omenez jotzen den martxa ezagunaren izena San Sebastian martxa da, ez *Donostia martxa edo *Donostiako martxa. Izan ere, martxa horren letrak berak ondo argitzen du bereizketa: Sebastian bat bada zeruan, Donostia bat bakarra munduan, hura da santua, eta hau da herria (…) Gogoan hartu, bestalde, Azpeitia leku-izenaren -a hori artikulua dela, eta, beraz, Azpeitiko danborrada dela esamolde egokia, ez *Azpeitiako danborrada. Ohar horiek kontuan hartuta, hauek dira esaldi zuzenak: San Sebastian eguneko danborrada bertan behera geratu da (ez *Donostia eguneko danborrada bertan behera geratu da) Sarriegiren San Sebastian martxa joko dute (ez *Sarriegiren Donostia martxa/Donostiako martxa joko dute) Emakumeek ere parte hartzen dute Azpeitiko danborradan (ez *Emakumeek ere parte hartzen dute Azpeitiako danborradan)
Pertsona historiko ezagunen izenak Historiako pertsona ezagunen izenak tokiko hizkuntzako grafiara moldatu edota itzultzeko ohitura handia izan da kultura askotan. Ohitura edo joera horrek XV. mendera arte iraun zuen, gutxi gorabehera. Geroztiko izenak ez dira egokitzen edo moldatzen, aita santuen eta errege-erreginen izenak izan ezik. Euskara ez da salbuespen, eta, askotan, inguruko hizkuntzen eraginagatik, zalantza izaten dugu euskaraz horiek nola eman. Euskararen kasuan, munduko pertsona historiko ezagun batzuen izenak arautuak dauzka Euskaltzaindiak. Arau hauetan daude, garaika sailkatuak: 66., 76., 129., 175., 176., 177., 179., 180., 181., 185., 186. eta 189. arauak. Hona hemen, adibide gisa, zalantza eragin dutenetako batzuk: Euskaraz Gaztelaniaz Frantsesez Ingelesez Fernando Magallaes Fernando de Magallanes Fernand de Magellan Ferdinand Magellan Joana Arc-ekoa Juana de Arco Jeanne d'Arc Joan on Arc Kristobal Kolon Cristóbal Colón Christophe Colomb Christopher Columbus Joan Kalbino Juan Calvino Jean Calvon John Calvin Mikhail Gorbatxov Mijaíl Gorbachov Mikhaïl Gorbatchev Mikhail Gorbachev Henrike VIII.a Enrique VIII Henri VIII Henry VIII Alexandro Handia Alejandro Magno Alexandre le Grand Alexander the Great Pilato, Pontzio Pilato, Poncio / Pilatos Pilate, Ponce Pilate, Pontius Zizeron Cicerón Cicéron Cicero Euskal Herriko pertsona historikoei dagokienez, berriz, Nafarroako Erresumako errege-erreginen izenak bakarrik daude arautuak. Gainerakoei dagokienez, antzinako izenetan ohikoa da grafia gaurkotua erabiltzea. Adibidez, Bernat/Bernart Etxepare (nahiz eta jatorrizko liburuan Bernard Dechepare idatzita agertu). Euskaltzaindiak onartutako izenak kontsultatzeko, baliabide egokia da Arauen Datutegi Onomastikoa (ADO), aukera ematen baitu pertsona-izenen euskarazko ordainak eskuratzeko, nahiz eta izena gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez idatzi. Datutegi horretan agertzen ez diren izenetarako, baliagarria izan daiteke EIMAren estilo-liburuko Onomastika liburukia.
Eguberri on! Dagoeneko ikus ditzakegu koloretako argiak kaleetan, turroiak supermerkatuetan eta jostailuen iragarkiak telebistan. Gabonak badatozen seinale. Baina Gabonak ala gabonak dira datozenak? Xanpaina ala txanpaina edango dugu? Santo Tomas egunean ala San Tomas egunean jango dugu taloa? Edo jango duguna txistorra-pintxoa ala txistor-pintxoa izango da? Gaurkoan, egun berezi hauetan erabiltzen ditugun hainbat hitzen erabilera egokia zein den argituko dugu. Ospakizunak eta jaiegunak letra larriz hasita idazten dira, baita hitz-elkarketan ere, baldin eta egun eta gau hitzekin batera erabiltzen badira; azken horietan, gainera, ez da marratxorik jartzen, aposizioak direlako: Eguberri(ak): Gaur Eguberri da. Benetan ditut gustuko Eguberriak. Gabon(ak): Gaurko gaua Gabon da. Familiarekin igarotzen ditugu Gabonak. Gabon gau: Familia guztia etxean elkarturik igarotzen dugu Gabon gaua. Eguberri egun: Senideek Eguberri egunean trukatu zituzten opariak. Errege egun: Errege Magoen bisita izan genuen Errege egun bezperan. Urtezahar gau: Non ospatu behar duzu Urtezahar gaua? Aldiz, gabon-subil, eguberri-kanta eta errege-opil bezalakoetan letra xehez hasita idazten dira. Kasu horiek izen arruntak dira, ez dute ospakizunik adierazten, baizik eta ‘subil-mota’ bat, ‘kanta-mota’ bat edota ‘opil-mota’ bat. Egun-tarte jakin bat adierazteko, baita harekin erlazionatutako ospakizunak adierazteko ere, jaiaren izena letra xehez idazten da, eta pluralean deklinatu: santomasak: Azpeitira joaten ginen santomasetan. Eguberriak eta gabonak terminoak kasu bereziak dira: jaiegunaz gain aldia ere adierazten dutenean, ontzat ematen da letra larriz zein xehez hasita idaztea: Eguberriak/eguberriak amaitzean hasten dira merkealdiak. Lantokian saski bat zozketatu zuten Gabonetan/gabonetan. Hurrengo lerroetan, egun hauetan erabili ohi ditugun beste hitz eta esapide batzuk bildu ditugu: Bizarzuri (*Pere Noel, *Papa Noel): Bizarzurik jaso ditu haurren gutunak. cava (*kaba): Eguberrietan cava edaten dugu. Errege Magoak: Errege Magoek zer ekarriko dizute? Errege eguneko loteria, Erregeetako loteria (*Haurraren loteria, *Umearen loteria, *Niñoko loteria): Errege eguneko loteriaren bigarren saria errege-erroska, errege-opil, errege-uztai (*errosko, *roskoi): Errege-opil goxo bat prestatu nahi duzu? gabonsari (aginaldo*): Eguberri haietan gabonsari ederra eman nien bulegoko langileei. kotilioi (kotiloi*, kotilloi*): Urtezaharreko kotilioia Mari Domingi (*Maridomingi): Baserritik atera berritan iritsiko dira Mari Domingi eta Olentzero Donostiako kaleetara. San Tomas egun (*Santo Tomas egun). Santoren ordez San erabiltzea da zuzena: Urtero gisa, jende-andana bildu da Donostian, San Tomas eguneko azokan. txistor (*txistorra). Ez du '-a' itsatsirik: txistor-pintxoa, txistor-ogitartekoa xanpain (*txanpain): xanpain-botila
Darrai, darraite… Azken urteotan asko zabaldu dira *darrai, *darraite… formak, eta NOR-NORK motako aditz gisa erabiltzen dira. Haurrak negarrez *darrai, baina engoitik nehor ez da haren lasaitzera entseatzen. Gauean heldu da eta hor *darrai. Manikiek bai, hantxe *darraite, baina ez ditu inongo arropak janzten. Aurrera *darraigu hegan. Nolanahi ere, hona zer dioen Euskara Batuaren Eskuliburuak “darrai” sarreran: Aditz batuko formetan darraio forma dago arautua, ez darrai. Hura da jarraiki aditzari dagokion forma trinkoa (zaio aditza); forma berria da darrai. Horren ordez, jarraitzen du erabiltzen da: Hark bere horretan jarraitzen du (?Hark bere horretan darrai). Ustez jarraitu aditzaren forma trinkoak direlakoan zabaldu dira halakoak, baina berri samarrak dira. Pentsatzekoa da jarraiki aditzaren forma hauen analogiaz sortuak direla: darraio, darraie, darraigu, narraio, darraizkie… Dena den, jarraiki aditza NOR-NORI motakoa da; beraz, hauek lirateke forma eta erabilera zuzenak, tradizioari estu lotzen bagatzaizkio behintzat: Emakumea batere kasurik egin gabe, eta doinua lagun, bere lanari darraio. Haatik, usteari ustegabea darraio noizbait, eta gaur-gerokoa nork daki... Uxatzen saiatu garen arren, zakurra atzetik darraigu hortzak erakutsiz. Gaztetako burutazioei darraie gure aitona. Nekeak neke, bideari narraio helmugaraino. Ikasle gaixoak txintxo darraizkie irakaslearen esanei.
Parte-hartzean parte hartzen duten parte-hartzaileak Aho-korapiloen zerrendan sartzeko moduko esaldia den arren, ahoskera alde batera utzi, eta idatzizko formari begiratuko diogu; zehazki, marratxoaren erabilerari. Lehenik eta behin, parte hartze / parte-hartze aditz-izenari erreparatuko diogu. Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, aditz-izena da «Izenaren funtzioa bete dezakeen aditz forma ez-jokatua, -t(z)e atzizkiarekin eratzen dena». Eta, Euskaltzaindiaren 25. arauaren arabera, era horretako hitz-elkarteak (alegia, bigarren osagaia aditz-izenkia dutenak, eta lehena bigarrenaren osagarri zuzen), marratxoarekin edo bereiz idatz daitezke. Beraz, adibide honetan, bi formak dira zuzenak, biak egokiak: Hauteskunde-kanpainetan, gazteen parte-hartzea bultzatzen saiatzen dira. Hauteskunde kanpainetan, gazteen parte hartzea bultzatzen saiatzen dira. Gauza bakarra da kontuan hartu beharrekoa: esku artean dugun testuan zer irizpideri jarraitzen ari garen hitz elkartuak idazteko. Izen+izen elkarteak marratxoarekin lotzen ari bagara (behi-esne, administrazio-ebazpen, zelula-mintz), parte-hartze idatzi behar dugu. Marratxorik gabe lotzen ari bagara (behi esne, administrazio ebazpen, zelula mintz), parte hartze. Bestalde, aditza ere izan daiteke, eta, kasu horretan, bigarren osagaia hartu duenez, beti bereiz idatzi behar da: parte hartu. Izan ere, arestian aipatutako 25. arauaren arabera, bereiz idatzi behar dira «egin, eman, hartu eta eragin aditzekin osatzen diren aditz-elkarteak». Oroigarri bat eman diete lehiaketan parte hartu duten guztiei. Eskola-bileretan parte hartzen duten guraso gehienak emakumezkoak izaten dira. Honako adibide hauetan, errazago bereiziko ditugu aurreko bi kasuak: Antolatzaileek boluntarioen parte-hartzea eskertu zuten. (IZENA+IZENA) Antolatzaileek boluntarioen parte hartzea eskertu zuten. (IZENA+IZENA) Antolatzaileek nahi zuten boluntarioek ere parte hartzea. (IZENA+ADITZA) Azkenik, parte-hartzaile forma dugu. Izen+izen elkartea da, eta beti izen-funtzioa betetzen du. Beraz, marratxoarekin lotuta zein bereiz idatz daiteke, betiere, lehen esan bezala, irizpide nagusiari jaramon eginda: Lasterketako parte-hartzaileek dortsala atzealdean eraman behar dute. Aurtengo edizioan 250 parte hartzaile izatea espero dute. Azalpen hauek guztiak baliagarriak dira esku hartu, esku hartze eta esku-hartze formentzat ere. Aho-korapiloa, kasu horretan, honela geratuko litzateke: esku-hartzean esku hartzen duten esku hartzaileak.
Aldiberekotasuna: -t(z)ean, -t(z)erakoan, -takoan Demagun mendeko perpaus batez osatutako esaldi bat, non perpaus nagusiko gertaera eta mendeko perpausekoa aldi berean gertatzen baitira: Filma ikustean, irudiak buruan dantzan izan ditut. Aldi berean, bai, baina zer unetan? Hasierako unean, une guztian ala amaierako unean? Ñabardura horiek bereizteko, jokatu gabeko aditzekin hiru molde nagusi ditugu eskura: -t(z)ean, -t(z)erakoan eta -takoan. a) Gertakari bat bestea hasteko unean gertatzen da: -t(z)erakoan eta -t(z)ean. Jangelatik irteterakoan, atea ezin aurkiturik ibili da. Jangelatik irtetean, atea ezin aurkiturik ibili da. b) Bi gertakariak une guztian gertatzen badira: -t(z)ean. Hitz egitean, eskuak gora eta behera mugitzen zituen. *Hitz egiterakoan, eskuak gora eta behera mugitzen zituen. c) Gertakari bat bestearen amaieran gertatzen da: -takoan eta -t(z)ean. Filma amaitutakoan, zinematik irten ginen. Filma amaitzean, zinematik irten ginen. !! Gaur egun, -t(z)erakoan formaren aldeko gehiegizko lerratzea sumatzen da. Oharrak: 1. Mendeko perpausak ez badu adierazten denbora, baizik eta ZERTAN, ez da zuzena -t(z)erakoan erabiltzea. *Bakoitzari berea ematerakoan datza justizia (Bakoitzari berea ematean datza justizia). *Hutsik ez egiterakoan dago garaipenaren erdia (Hutsik ez egitean dago garaipenaren erdia). 2. Egiterako orduan, pentsatzerako garaian… ez dira zuzenak. *Haserre handiak izaten dira notak jasotzerako garaian (Haserre handiak izaten dira notak jasotzean / jasotzeko garaian). *Norbaiti errieta egiterako orduan (Norbaiti errieta errieta egitean / errieta egiteko orduan). 3. -t(z)ekoan: ez du aldiberekotasuna adierazten, baizik ekintzaren unea: Bazkaltzekoan, tabernan telebista piztua izaten dute. Otoitzekoan, eliztarrak belauniko jartzen dira.
Bungalowan ala bungalowean; Glasgown ala Glasgowen; Andrewren ala Andrewen? Euskararen ondare lexikaleko hitzetan, ez dago w letraz amaitzen den hitzik. Uve bikoitza euskal alfabetoko letra da, baina ez da erabiltzen ohiko euskal hitzak idazteko. Hala ere, euskal testuetan badira amaieran w letra duten kanpoko hitz arrunt batzuk (bungalow, chow-chow, crow, overflow, interview, show, know how). Bestalde, badira kanpoko leku-izenak (Heathrow, Glasgow, Wrocław, Kew) edo pertsona-izenak edo abizenak (Andrew, Matthew, Bartholomew, Bolesław; Winslow, Woodrow) edo siglak (PAW) amaieran uve bikoitza dutenak. Horrelako hitzei kasu-marka jarri behar diegunean (NON, NORA, NONGO, NOREN…) zalantza sortu ohi da: zer da amaierako w hori, kontsonantea (b edo v bezala) edo bokala (u bezala)? klub (klubean, klubera, klubeko…); Kiev (Kieven); Romanov (Romanoven) buru (buruan, burura, buruko…); Arbizu (Arbizun); Peru (Peruren) Kasu-marka jartzeko orduan, idatzizkoan, ez da kontuan hartu behar nola ahoskatzen den, baizik eta zer letra dagoen hitzaren amaieran. Adibidez, Calais leku-izena eta Shakespeare abizena Calaisen (NON) eta Shakespeareren (NOREN) idazten dira, nahiz eta [kalen] eta [xekspirren] esan. Honela dio Euskaltzaindiaren 184. arauak (Erdal hitzen deklinabidea): Idatzizkoan, letra da oinarria, eta letra hartu behar da kontuan deklinatzeko. Alegia, euskal hitzak balira bezala hautatu behar da deklinabide-atzizkia, kontuan harturik zein den hitzaren azken letra, kontsonantea edo bokala. Eta amaierako w letrari dagokionez, hau dio arau horrek: w letraz amaitutako hitzak, idatziz, u letraz amaitutako hitzak bezala deklinatzen dira. Beraz: bungalowan gelditu da; bungalowraino lagundu nion, bungalowko atea. (eta ez: bungalowean, bungaloweraino, bungaloweko) Glasgown bizi da; Glasgowraino iritsi zen bidaian; Glasgowtik abiatu da. (eta ez: Glasgowen, Glasgoweraino, Glasgowetik) Andrewren liburuak; Andrewk ordaindu du; Andrewri ez zaio gustatzen. (eta ez Andrewen, Andrewek, Andrewi)
Gaixotasunen izenak Gaixotasun batzuk izendatzean, gaitzak identifikatu zituzten ikertzaileen izenak baliatzen ditugu maiz. Esate baterako: Alzheimerren gaixotasuna Parkinsonen gaixotasuna Hungtintonten gaixotasuna Priznmetalen angina Bellen paralisia Lewyren gorputzen dementzia Sanfilipporen sindromea Guillain-Barréren sindromea Creutzfeldt-Jakoben gaixotasuna … Nola idatzi erabakitzerakoan, ordea, zalantzak sortzen zaizkigu askotan. Alzheimerren gaixotasuna? Alzheimer-en gaixotasuna? Alzheimerra? Batetik, izenari kasu-markaren atzizkia lotzeko, zilegi da marratxoa baliatzea zein ez baliatzea. Euskaltzaindiak 184. arauan (Erdal hitzen deklinabidea) esana du estilo-irizpide bat dela eta, beraz, aukerakoa dela. Hori bai, testuaren barne-koherentziari eusteko, komeni da irizpide berari jarraitzea beti. Bestalde, gaitzik ezagunenen izenak laburtzera jotzen dugu; esate baterako, Alzheimerren gaixotasuna edo Parkinsonen gaixotasuna idazten dugu (edo, nahiago badugu, marratxoz, Alzheimer-en gaixotasuna eta Parkinson-en gaixotasuna, hurrenez hurren), baina baita alzheimerra eta parkinsona ere (halaxe ageri dira Euskaltzaindiaren Hiztegian, esate baterako). Hau da, pertsona-izen batekin osatutako gaitz baten izena izen arrunt bihurtzen dugu. Izen bereziak letra larriz idazten ditugu (Alzheimerren gaixotasuna), baina arruntak letra xehez (alzheimerra). Hala dago jasota, besteak beste, Alfontso Mujikak idatzitako Letra larriak idazteko irizpideak lanean: «Halakoak, izen arrunt diren aldetik, hiztegietan agertzen dira eta letra xehez idazten. Adibideak: Gure aitona alzheimerrak jota dago. Estatu Batuetan, parkinsona sendatzeko botikak sortu nahi dituzte» (29. or.) Beste kontu batek ere sor dezake zalantza: gaixotasun?, gaitz?, eritasun? Zein erabili beharko genuke? Nahi duguna, hirurak baliokide baitira. Beraz, Alzheimerren (edo Alzheimer-en) gaixotasuna / gaitza / eritasuna. Laburbilduz, gaitz batzuen izenak idaztean, zenbait konturi erreparatu behar diegu: Izen berezia marratxoz edo marratxorik gabe lot daiteke (Bell-en paralisia edo Bellen paralisia). Izen berezia letra larriz idatzi behar dugu beti. Gaitzaren izena laburtu eta izen arrunt bihurtzen badugu, letra xehez idatziko dugu: alzheimerra, parkinsona… Gaixotasun, gaitz, eritasun: edozein balia dezakegu. Baliokide dira hirurak.
Tximino-baztanga? Hobe t-baztanga/tbaztanga edo mpox 2022ko maiatzean, tximino-baztangaren agerraldiak izan ziren Europako zenbait tokitan, baita Euskal Herrian ere. Albistea zabaldu ahala, ordura arte gaixotasun hori izendatzeko erabilitako terminoek zalantza sortu zuten, bai euskaraz bai beste hizkuntza batzuetan, zenbait kasutan animalia-espezieei eta herrien izenei erreferentzia egiten zietelako. Euskarari dagokionez, orain arte erabili izan diren terminoei buruzko gomendio bat argitaratu genuen, eta, besteak beste, hau esan genuen: «Beraz, baztanga, nafarreria, tximino-baztanga eta antzeko terminoak neutrotzat jo behar dira, eta ez litzateke estigmatizazio- edo diskriminazio-zantzurik ikusi behar horietan.» Nola iritsi ginen ondorio horretara? Bada, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gaixotasunen izenak haien sintometan oinarritutako termino deskribatzaile generikoekin osatzea gomendatzen du, alde batera utzita, besteak beste, animalia-espezieak eta herriei erreferentzia egiten dieten izenak; alabaina, gomendio hori infekzio, sindrome eta gaixotasun berriei aplikatzen zaie, ez garai batean sortu eta herritarren artean hedatuta dauden gaixotasun-izenei. Beraz, kasu honi ez zegokion irizpide hori aplikatzea, eta egokia zen ordura arteko terminoak erabiltzea. Nolanahi ere, OMEk gaixotasun horren izendapenari buruzko ohar bat zabaldu zuen 2022ko azaroaren 28an. Zenbait aholku-batzorderekin batera gaia ondo aztertu ondoren, bi erabaki nagusi jakinarazi zituen: batetik, ingelesezko monkey pox terminoarekin batera mpox ere erabiltzea; bestetik, urtebeteko trantsizio-epea igaro ondoren mpox terminoa lehenetsi eta bultzatzea. Gainerako hizkuntzetarako ere termino hori gomendatu badu ere, oraindik aztertzen ari dira besteetan nola deitu. Berriz gurera etorrita, azaroaren 29an Adolfo Arejita euskaltzainak euskarazko izendapenari buruzko azalpenak eman zituen Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Hark esandakoaren arabera, baztanga hitza ez dator Nafarroako Baztan herriaren izenetik, baizik eta pastinacatik, hau da, azenarioa eta antzeko landare-sustrai hori-laranjakarei erreferentzia egiten dien latinezko hitzetik. Beraz, ez legoke arazorik gaixotasuna adierazteko terminoan baztanga hitza erabiltzeko. Ingelesezko termino berria sortzeko erabili duten bide beretik joz, euskaraz t-baztanga (edo tbaztanga, ez zuen zehaztu idazkera) erabiltzea proposatu zuen. Aldiz, ikusita OMEk gaixotasun berrien izendapenei aplikatutako irizpide berak erabili dituela aspaldiko gaixotasun hau adierazteko orain arte erabilitako terminoak alde batera uzteko, nafarreria terminoa ere baztertzekoa litzateke, eremu geografiko bati erreferentzia egiten diolako. OMEren eta Arejitaren gomendio eta iritziei jaramon eginda, eta EHUko adituen iritzia ere jaso ondoren, gure ustez, oraingoz, bi termino hauek erabiltzeko aukera dugu: t-baztanga/tbaztanga eta mpox. Lehenari dagokionez, euskarazko ohiko bideetatik sortuz gero marratxoa jarriko genioke ziur asko (izen-izen elkartea baita); alabaina, ingelesezko terminoa sortzeko ere ezohiko bidetik jo dute. Gainera, t-baztanga erabiliz gero, T-zelulekin nahasteko arriskua ere badago, testuinguruaren arabera. Bestalde, ahoskera ere kontuan hartu behar genuke; nola ahoskatu behar genituzke tbaztanga eta mpox terminoak? Gainerako hizkuntzetarako hartzen dituzten erabakiei adi egongo gara, eta euskarazko terminoen erabileraren bilakaerari ere kasu egingo diogu.
«Eta» juntagailua zenbakietan «Hogeita bi hamasei egin dugu», esan zidan atzo semearen lagunak, pilota-partida amaitu berritan. Zeharka begiratu zidan semeak, eta «hogeita bi eta hamasei» esan zidan. Ondo ikasia dauka… Askotan ez gara konturatu ere egiten; hainbesteraino geureganatu dugu eta kentzeko ohitura hori. Tradizioan ez da horrela izan, ordea. Ikus dezagun nola erabili izan den eta juntagailua zenbakiak ematean oraintsu arte: - 1.500, 2.700 eta gisako zenbakiak tradizioan eta emendiozkoarekin eman izan dira euskaraz, eta sistema hori da hobestekoa egun ere: 1.500 > *mila bostehun (> mila eta bostehun); 2.700 > *bi mila zazpiehun (> bi mila eta zazpiehun); *bi milioi zazpiehun mila euro (> bi milioi eta zazpiehun mila euro); 1.200.000 > *milioi eta berrehun mila, *milioi bat berrehun mila (> milioi bat eta berrehun mila); 2022an > *bi mila hogeita bian (> bi mila eta hogeita bian). - Ohitura hori salgaien prezioak eta kirol-proben emaitzak emateko ere gorde da orain arte: *Kafea bat berrogei da (> Kafea bat eta berrogei da). *Hiru bat irabazi du Osasunak (> Hiru eta bat irabazi du Osasunak). Beraz, noiz ematen ditugu zenbakiak eta gabe? Hauxe da salbuespen bakarra: mila (1.000) zenbakitik gora, eta kendu egiten da ondoren datozen ehunekoetan ere agertzen bada: «mila eta berrehun», baina «mila Ø berrehun eta bi»; «mila eta laurehun», baina «mila Ø laurehun eta bi». Laburbilduz, eta emendiozkoa erabili behar genuke adibide hauetan: 1.500 [mila eta bostehun] [*mila bostehun] 2022an gaude [bi mila eta hogeita bian] [*bi mila hogeita bian] 2,20 € d(ir)a [bi (euro) eta hogei d(ir)a] [*bi (euro) hogei d(ir)a] 2-1 irabazi dugu [bi eta bat irabazi dugu] [*bi bat irabazi dugu]
Garapen jasangarria ala iraunkorra? Bada denboratxo bat zientzialariak abisuak ematen ari direla, ingurumenaren babesean kale egiten ari garela esanez. Horri buruz aritzeko maiz erabiltzen diren kontzeptuetako bat sustainability da ingelesez, eta harekin hertsiki lotua dago ingurumen-arloko sustainable development ere. Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikora jotzen badugu, bigarren kontzeptua honela definitu da: «Hurrengo belaunaldien beharrak asetzeko aukerak arriskuan jarri gabe oraingo belaunaldien beharrak asetzen dituen garapen ekonomiko eta soziala». Gaztelaniaz, desarrollo sostenible, frantsesez, aldiz, développement durable. Kontzeptu horren euskarazko baliokideak 1990eko hamarkadan hasi ziren testuetan azaltzen. ZTC edo Zientzia eta Teknologiaren Corpusean, 1993koak dira lehen agerpenak, garapen jasangarri terminoarenak, hain zuzen. Handik aurrera, asko hedatu zen termino hori. 2002 urtera bitartean, 180 aldiz dago ZTC corpusean. Beste aukera batzuk ere proposatu ziren (eramangarri, sostengagarri…), baina 1998an, Elhuyarrek Eusko Jaurlaritzarentzat landu zuen Ingurumen Hiztegi Entziklopedikoan, garapen jasangarri sarrera argitaratu zen. Orduko termino erabiliena izateaz gain, arloko adituen oniritzia zuen, eta egokiena zela iritzi genion. Ordurako, sustainable adjektiboa beste izen batzuekin ere hasia zen erabiltzen: garraio, kontsumo, turismo, mugikortasun, eraikin… Bazirudien euskarazko terminoa finkatzeko bidean zegoela, baina 2004an Euskaltzaindiak garapen iraunkor terminoa gomendatu zuen. ZTC corpusean, 2002ra arte, termino hori 2 aldiz dago. Bistan dena, gomendio hura ez zen erabilera-datuetan oinarritua; badirudi frantsesezko terminoaren kalkoa hobetsi zutela, durable adjektiboa erabiltzen baita frantsesez. Aditu eta itzultzaile askok adierazia zuten ordurako adiera nahasgarriak sortzen direla iraunkor izenondoa kontsumo, garraio, eraikin eta antzeko izenekin konbinatzean. Izan ere, iraunkor hitzaren adieretako bat gaztelaniazko permanente eta frantsesezko permanent da, eta, askotan, justu esan nahi denaren kontrako mezua eman dezake. Esaterako, aditu askok gure jarduera-mailak beheratzea gomendatu dute horiek sustainable izatea nahi badugu. Ikuspegi horretatik, garraio edo kontsumo iraunkorrak, 'permanenteak', ez dira oso jasangarriak izango ingumenarentzat… Adibide horrek berak ematen digu aukera jasangarriren abantailez jabetzeko: ingurumenak "jasan" dezakeen garapen-eredu bat eta kontsumo-maila bat soilik izan daitezke sustainable, hau da, jasangarriak. Terminologia Batzordeak aintzat hartu zuen Elhuyarren arrazoibidea, eta jasangarri gomendatu ere bai. Hala ere, garapen iraunkor Euskaltzaindiaren gomendioa zenez, hiztegi horretan biak sartzea proposatu zuen. Gaur egun, Euskaltzaindiak ere onartua du garapen jasangarri, eta biak sartu ditu bere hiztegian, maila berean sartu ere, hobespenik egin gabe. Hori da ba oraingo egoera: sustainable adierazteko bi hitz erabiltzen dira euskaraz, jasangarri eta iraunkor. Elhuyarren segitzen dugu pentsatzen jasangarri dela egokiena eta iraunkor desegokia dela, nahasgarria baita. Hala, ez dugu arazorik izango honelakoak itzultzean, esate baterako: • Materiales de construcción sostenibles y duraderos • El objetivo es la mejora de la sostenibilidad y durabilidad del hormigón • Bruselas lanza medidas para lograr productos sostenibles y duraderos • Sostenibilidad, durabilidad y calidad, definen nuestra empresa. • ¿Es compatible la durabilidad con la sostenibilidad en la industria de la construcción?
Tenperatura: graduak Ez da izango, ziur asko, sargoriari aurre egiteko estrategiarik egokiena, baina “Azpeitian, atzo arratsaldean, 36 gradu” eta “Zarautzen, gaur egunsentian, 24 gradu”-ka gabiltza denok azken egunotan. Esan bai, baina idatzi, nola? Ikurren bat jarri behar da? Eta letrarik? Non? Zenbakiari lotuta ala aparte? Zientzia eta teknikako euskara arautzeko gomendioak lanera jo dugu azalpen bila, bai eta aurkitu ere. Tenperatura sinbolo bidez adierazi nahi dugunean —Celsius, Fahrenheit edo Reaumur eskalan—, hutsarte bat utzi behar da zenbakiaren ondoren, eta eskala bakoitzeko unitatearen sinboloa adierazteko, lehenik ° sinboloa idatzi behar da eta, segidan, C, F edo R letra, tarterik utzi gabe sinboloaren eta letraren artean. Adibidez: 36 °C edo 78 °F OHARRAK: • Ordenagailuan idazten ari garenean zenbakia eta unitatearen sinboloa lerro banatan gelditu ez daitezen, hutsarte berezi bat behar dugu, zenbakiari eta unitatearen sinboloari beti loturik eutsiko diena. Teklatu gehienetan, honela egiten da hori: Ctrl + Alt + zuriune-barra batera sakatuta. • Graduaren sinboloa idazteko, berriz, kontuan izan behar dugu, sinboloa ez dela “o” minuskula bat, eta, beraz, horrek ez duela balio, ez eta teklatuetan ezkerraldean goian ageri diren “a” eta “o” txikiak ere, gaztelaniazko laburduretarako erabiltzen ditugunak (adibidez: 1.º, 3.ª…). Graduaren sinboloa idazteko, tekla-konbinazio hau da ohikoena Windows sistema eragilea darabilten ordenagailuetan: Alt + 0176 (zenbaki-teklatukoak). Deklinabidea dela eta, berriz, tenperaturak adieraztean, zalantza egiten dugu ea atzizkiak mugatuan ala mugagabean joan behar duen (hau da, 35 °C-an ala 35 °C-tan). Zientzia eta teknikako euskara arautzeko gomendioak lanaren arabera, mugatuan ematekoak dira horrelakoak. Hau da: Ura 35 °C-an dago. Hala ere, ohar garrantzitsu bat egiten du horren inguruan Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Eskuliburuak (EBE): izan ere, Euskaltzaindiak oraindik ez du araurik eman unitate-izenez eta zenbatzailez osatutako izen-sintagmen NORA, NORAKO, NONDIK, NORAINO eta NORANTZ kasuko deklinabideari buruz; alegia, ez du araurik eman hauen erabileraz: • 5 graduan ala 5 gradutan • zenbat urte(ta)tik ala zenbat urte(ta)ra • lau urtera ala lau urtetara • zenbat kilometrora ala zenbat kilometrotara EBEk zehazten du Hegoaldeko literatura-tradizioko erabileran -ta- gabekoak direla nagusi (5 graduan, lau urtera...) eta Iparraldean, berriz, -tadunak (5 gradutan, lau urtetara...). Eta hau dio amaitzeko: «Berez bi moldeak zilegi diren arren, azken urteotan sintagma horiek mugatu singularrean deklinatzera jo da». Ela halaxe gomendatzen du Elhuyarrek ere. Ura 35 °C-an dago (ez *Ura 35 °C-tan dago). Tira, edonola ere, gerizpean badaezpada!
Tximino-baztanga: izen zuzena eta egokia Azken egunetan, Europako zenbait tokitan birus zoonotiko batek eragindako gaixotasun baten agerraldiak izaten ari direla zabaldu da komunikabide eta sare sozialetan. Horren harira, titular hau irakur dezakegu, besteak beste: Alarma piztu dute Europako tximino-baztangaren kasuek (@ElhuyarZientzia) Gaixotasuna izendatzeko erabiltzen den terminoak zalantzaren bat edo beste eragin eta zeresana eman dezakeelakoan, argi apur bat egiten saiatuko gara. Aipatutako izenburuan ageri denez, apurka zabaltzen ari den gaixotasun horri tximino-baztanga esaten zaio euskaraz, eta honela dago jasota Euskalterm terminologia-bankuan: Zergatik tximino? Bada, Elhuyar aldizkariko albiste honetan irakur daitekeenez, birusa tximinoetan identifikatu zen lehen aldiz, eta, baztangaren antzeko gaitza sorrarazten zienez, tximino-baztanga deitu zitzaion. Halere, batez ere arratoiek eta halako karraskariek transmititzen dute. Eta zergatik baztanga? Euskaraz, termino hori erabiltzen da gaztelaniaz viruela eta frantsesez variole deitzen zaion gaixotasuna izendatzeko, beste bi ordainekin batera: nafarreria eta pikota. Hala dago jasota zenbait iturritan (Euskaltzaindiaren Hiztegia, Elhuyar Hiztegia, Zehazki, Euskalterm, Zientzia eta Teknologiaren Hiztegia), eta hala erabili izan da, corpusetako datuek erakusten dutenez. Hiruren artean, baztanga da erabiliena. Berriki arte, sarri gertatu da gaixotasun berriak izendatzeko herritarren artean zabaldutako terminoek nolabaiteko lotura izatea agerpen-tokiarekin, eta ez ezinbestean lehenengo agerraldiarekin (Espainiako gripea, Ebola birusaren gaixotasuna…). Baztangaren eta nafarreriaren kasuan, pentsatzekoa da uneren batean gaixotasun horren izurri handi bat egon zela Baztanen eta beharbada baita Nafarroako beste eremu batzuetan ere, eta hortik hartu zuela izena. Labayru Hiztegian beste ordain batzuk ere ageri dira, baina badirudi eremu txikiagoan erabili izan direla eta gaur egun ere horien erabilera oso mugatua dela. Horien artean sakute dugu, zeina honela jasoa baitago Orotariko Euskal Hiztegian («naparreria edo zakutea edo baztanga deritxon gaiso zikiña»): Beraz, baztanga, nafarreria, tximino-baztanga eta antzeko terminoak neutrotzat jo behar dira, eta ez litzateke estigmatizazio- edo diskriminazio-zantzurik ikusi behar horietan. Nolanahi ere, agerikoa da izendapen desegoki batek ondorio negatiboak izan ditzakeela zuzenean eragindako herritar eta herrialdeentzat. Horregatik, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) giza gaixotasun infekzioso berriak izendatzeko jardunbide egokiak plazaratu zituen 2015eko maiatzean. Besteak beste, gomendatzen du gaixotasunen izenak haien sintometan oinarritutako termino deskribatzaile generikoekin osatzea, baita termino deskribatzaile zehatzagoekin ere, informazio fidagarria badago. Bestalde, toki- eta pertsona-izenak (Chagasen gaixotasuna) eta animalia- edo elikagai-espezieak (txerri-gripea) saihesteko gomendatzen du, baita hauek ere: kulturei eta herriei erreferentzia egiten dieten izenak, industria eta lanbide zehatzenak (legionarioen gaixotasuna) eta beldurra eragiten dutenak (ezezagun, hilgarri, epidemiko). OMEren gomendio horiek infekzio, sindrome eta gaixotasun berriei aplikatzen zaizkie, hau da, orain arte gizakietan aurkitu ez badira ere osasun publikoan eragina izan dezaketenei eta termino arrunt eta ezagun baten bidez izendatu ez direnei. Aldiz, ez zaizkie aplikatzen garai batean sortu eta herritarren artean hedatuta dauden gaixotasun-izenei. Beraz, zuzena eta egokia da tximino-baztanga terminoa erabiltzea.
Artikulua Euskal Herriko herrialdeen eta hiriburuen izenetan Korrika Euskal Herri osoa zeharkatzen ari den honetan, zazpi herrialdeetatik eta zazpi hiriburuetatik barrena, egokia iruditu zaigu gainbegiratu bat ematea herrialde eta hiriburuon izenek zenbait kasutan dituzten berezitasunei (oro har toki-izen askok dituzten berezitasunak, bestalde, zenbait izenetan amaierako -a artikulua izatearekin lotuak). Euskal Herriko 7 herrialdeen izenak hauek ditugu: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Nafarroa Beherea (Baxenabarre ere onetsia da), Lapurdi eta Zuberoa. Izen horietatik bik artikulua dute amaierako -a, eta, ondorioz, leku-denborazko kasuetan ez da agertzen: Bizkaia izena erabiltzean, Bizkaiko, Bizkaitik eta Bizkaira dira forma zuzenak, eta Nafarroa Beherea izenaren kasuan Nafarroa Behereko, Nafarroa Beheretik eta Nafarroa Beherera. Halako izenak (-a) ondoan dutela ematen dira datutegietan; esaterako, Euskaltzaindiaren EODA datu-base onomastiko erreferentziazkoan —ikus Nafarroa Beherea eta Bizkaia—. Hiriburu-izenak hauek dira: Gasteiz, Bilbo, Donostia, Iruñea, Donibane Garazi, Baiona eta Maule. Horietan, Iruñea izenak du -a artikulua, eta Iruñeko, Iruñetik eta Iruñera dira, beraz, forma zuzenak. Leku-denborazko atzizki horiekin ez ezik, adjektibo edo determinatzaileren bat hartzean ere -a gabeko formak dira zuzenak: Bizkai osoa zeharkatu, Bizkai maitea, orduko Bizkai hura, Nafarroa Behere aldean ibili, Iruñe guztia ezagutu… Aposizioen kasuan, izenek gorde egiten dute artikulua: Bizkaia probintzia (edo Bizkaiko probintzia), Nafarroa Beherea herrialdea, Iruñea hiria… Esan beharrik ez dago Euskal Herria izenak berak ere -a artikulua duela, eta Euskal Herri osoa eta gaurko Euskal Herri hau direla, adibidez, forma egokiak. Herrien kasuan, sail berean sartzekoak dira hainbat: Azpeitia, Hondarribia, Mañaria, Asparrena… Zalantza izanez gero, aipatutako EODA datu-basean, arauetan, Euskara Batuaren Eskuliburuan, Elhuyar hiztegian edo estilo-liburuetan egin daiteke kontsulta.
Kontuz: dagoeneko ≠ honezkero Badira euskaraz bi adberbio nahastea eragiten dietenak zenbaiti: dagoeneko eta honezkero. Askok sinonimotzat hartzen badituzte ere, ez dute esanahi bera denborazko bi adierazpide horiek. Hitz egiten ari garen unearen aurretik gertatutako gauzei egiten die erreferentzia dagoenekok, eta ziurtzat jotzen du adierazten dena. 50 urte bete ditu dagoeneko Elhuyarrek. Udaberrian gaude dagoeneko; herenegun sartu ginen. Aldiz, ustea edo susmoa adierazten du honezkerok. Ez da ziurra esaten dena, suposizio bat baizik. Bihar deituko diot, honezkero lo egongo da eta. Berandu gabiltza, eta honezkero itxiko zuten okindegia. Orainaldiko testuinguruetan baino ezin da erabili honezkero. Iraganekoetan ere erabili izan da dagoeneko, baina ohikoagoa da ordurako, orduko edo ordukotz erabiltzea halakoetan, baita etorkizunari buruzko testuinguruetan ere. Azken urteotan *zegoeneko forma ere agertzen da zenbaitetan lehenaldiko informazioa ematen duten testuetan, baina forma horrek ez du tradiziorik euskaraz. Handik bi urtera jaio zitzaien alaba, baina ordurako bazuten beste ume bat. Etxera iristen zarenean, zabaldu arropa mesedez. Ordurako amaituko du garbigailuak. 2022-03-24
Mozorrotu eta jantzi: nola erabili bi aditzok? Euskal Herrian eta hemendik kanpo, ohikoa da inauterietan bereziki mozorrotzea. Eta ohikoa da, halaber, testuinguru horretan akatsa egitea euskararen erabileran. ‘Mozorrotu’ eta ‘jantzi’ aditzak erabiltzen dira halakoetan, baina nola erabili behar da horietako bakoitza? Mozorrotu Da eta du erregimenak ditu. Alegia, norbait mozorrotzen da, edo norbaitek beste norbait mozorrotzen du. Mozorroari berari erreferentzia egiten diogunean, bi aukera dira nagusi: Pailazo mozorrotu da Pailazoz mozorrotu da Badirudi lehena zaharragoa dela, baina azken urteotan bigarrena gailendu zaio, eta Euskaltzaindiak ez du berariaz gaitzetsi. 1997an, Gramatika Batzordeak -Ø mozorrotu egitura hobetsi zuen, baina, gaur egungo erabilera ikusita, Euskaltzaindiaren Hiztegiak ontzat eman du -z mozorrotu egitura ere. Nolanahi ere, okerrak dira bi molde hauek: *Pailazo bezala mozorrotu da *Pailazoarena mozorrotu da Jantzi ‘Jantzi’ aditzak da, du eta dio erregimenak ditu. Alegia, norbait janzten da, norbaitek zerbait edo norbait janzten du, edo norbaitek (beste) norbaiti zerbait janzten dio. Euskaltzaindiaren Hiztegian bi kasu hauek bereizten dira: «Gaia, kolorea edo kideko ezaugarriren bat adierazten duen osagarria hartzen duela», -z jantzi egitura dakar: Beltzez jantzi zen. Zetaz jantzirik. Aldiz, «osagarritzat artikulurik eta kasu markarik gabeko izen bat hartzen duela, -Ø jantzi egitura jasotzen du: Zalduna neskame jantzita. Jendea baserritar jantzita zebilen. Hortaz, zuzenak dira erabilera hauek: Miren pailazo jantzi da. Mirenek pailazo-mozorroa jantzi du. Anttonek baserritar jantzi du umea Zalantzazkoak beste hauek: (?) Indiarrez jantziko naiz aurten (?) Supereroiz jantzi dute alaba X-jantzian Mozorrotu eta jantzi aditzez gain, bada beste egitura bat maiz ikusten dena: X-jantzian (atera/ibili). Dragoi-jantzian aterako naiz aurten Dotore dago lehoi-jantzian Apaiz-jantzian ibili da goizean
Sin contenido indexable
Hitzaldietako formula oker bat Ahozko erabilera formalean (idatzizkoan ere bai, baina ez da hain ugaria), gaztelaniaz, maiz entzuten da aditzen erabilera desegoki bat, klixe eskas bat, hizkuntzaren erabilera ez-zaindua salatzen duena. Erabilera hori kalkatuz, euskaraz ere entzuten dira horrelakoak. Gaztelaniaz, erabilera desegoki hori deskribatuta dago (“el infinitivo radiofónico” esaten diote), eta ez erabiltzeko gomendioa egiten dute. Hona hemen zer gomendio eman duen Fundéu RAEk: Por último, quiero señalar… o por último, es necesario señalar… son algunas de las expresiones apropiadas en español en lugar de por último, señalar…, forma inadecuada sin un verbo principal antes del infinitivo, tal como indica la Nueva gramática de la lengua española. Euskaraz are okerragoak dira horrelako kalko ustelak, aditz-partizipioak perpausaren hasieran aginduak emateko jartzen baititugu: Ireki atea. (agindua da: ireki ezazu) Esan non izan zinen bart gauean. (agindua da: esan ezazu) Amaitzeko, idatzi zure izen-abizenak. (agindua da: idatz itzazu) Amaitzeko, esan zer egin zenuen atzo arratsaldean. (agindua da: esan ezazu) Amaitzeko, esan zenbat urte dituzun. (agindua da: esan ezazu) Horregatik, gaztelaniazko molde hori kalkatzeak oso efektu arraroa sortu du: Amaitzeko, esan oso pozik gaudela hemen ospatzeagatik. (Badirudi agindu bat ematen ari garela entzuten digunak “oso pozik gaude hemen egoteagatik” esan dezan) Beraz, hobe genuke honelakoak ez esaten saiatuko bagina: Bukatzeko, eskerrak eman gure ekitaldira etortzeagatik. Amaitzeko, esan bide horretan jarraituko dugula aurrerantzean ere. Azkenik, adierazi datorren urtean ere itzuliko garela. Eta, amaitzeko, aipatu jende askok deitu digula zoriontzeko. Honela, askoz hobeto: Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkizuegu gure ekitaldira etortzeagatik Amaitzeko, esan nahi dut bide horretan jarraituko dugula aurrerantzean ere Azkenik, adierazi behar dut datorren urtean ere itzuliko garela Eta, amaitzeko, jakinarazi nahi nuke jende askok deitu digula zoriontzeko 2021-10-28 Hitzaldietako formula oker bat Ahozko erabilera formalean (idatzizkoan ere bai, baina ez da hain ugaria), gaztelaniaz, maiz entzuten da aditzen erabilera desegoki bat, klixe eskas bat, hizkuntzaren erabilera ez-zaindua salatzen duena. Erabilera hori kalkatuz, euskaraz ere entzuten dira horrelakoak. Gaztelaniaz, erabilera desegoki hori deskribatuta dago (“el infinitivo radiofónico” esaten diote), eta ez erabiltzeko gomendioa egiten dute. Hona hemen zer gomendio eman duen Fundéu RAEk: Por último, quiero señalar… o por último, es necesario señalar… son algunas de las expresiones apropiadas en español en lugar de por último, señalar…, forma inadecuada sin un verbo principal antes del infinitivo, tal como indica la Nueva gramática de la lengua española. Euskaraz are okerragoak dira horrelako kalko ustelak, aditz-partizipioak perpausaren hasieran aginduak emateko jartzen baititugu: Ireki atea. (agindua da: ireki ezazu) Esan non izan zinen bart gauean. (agindua da: esan ezazu) Amaitzeko, idatzi zure izen-abizenak. (agindua da: idatz itzazu) Amaitzeko, esan zer egin zenuen atzo arratsaldean. (agindua da: esan ezazu) Amaitzeko, esan zenbat urte dituzun. (agindua da: esan ezazu) Horregatik, gaztelaniazko molde hori kalkatzeak oso efektu arraroa sortu du: Amaitzeko, esan oso pozik gaudela hemen ospatzeagatik. (Badirudi agindu bat ematen ari garela entzuten digunak “oso pozik gaude hemen egoteagatik” esan dezan) Beraz, hobe genuke honelakoak ez esaten saiatuko bagina: Bukatzeko, eskerrak eman gure ekitaldira etortzeagatik. Amaitzeko, esan bide horretan jarraituko dugula aurrerantzean ere. Azkenik, adierazi datorren urtean ere itzuliko garela. Eta, amaitzeko, aipatu jende askok deitu digula zoriontzeko. Honela, askoz hobeto: Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkizuegu gure ekitaldira etortzeagatik Amaitzeko, esan nahi dut bide horretan jarraituko dugula aurrerantzean ere Azkenik, adierazi behar dut datorren urtean ere itzuliko garela Eta, amaitzeko, jakinarazi nahi nuke jende askok deitu digula zoriontzeko Hitzaldietako formula oker bat Ahozko erabilera formalean (idatzizkoan ere bai, baina ez da hain ugaria), gaztelaniaz, maiz entzuten da aditzen erabilera desegoki bat, klixe eskas bat, hizkuntzaren erabilera ez-zaindua salatzen duena. Erabilera hori kalkatuz, euskaraz ere entzuten dira horrelakoak. Gaztelaniaz, erabilera desegoki hori deskribatuta dago (“el infinitivo radiofónico” esaten diote), eta ez erabiltzeko gomendioa egiten dute. Hona hemen zer gomendio eman duen Fundéu RAEk: Por último, quiero señalar… o por último, es necesario señalar… son algunas de las expresiones apropiadas en español en lugar de por último, señalar…, forma inadecuada sin un verbo principal antes del infinitivo, tal como indica la Nueva gramática de la lengua española. Euskaraz are okerragoak dira horrelako kalko ustelak, aditz-partizipioak perpausaren hasieran aginduak emateko jartzen baititugu: Ireki atea. (agindua da: ireki ezazu) Esan non izan zinen bart gauean. (agindua da: esan ezazu) Amaitzeko, idatzi zure izen-abizenak. (agindua da: idatz itzazu) Amaitzeko, esan zer egin zenuen atzo arratsaldean. (agindua da: esan ezazu) Amaitzeko, esan zenbat urte dituzun. (agindua da: esan ezazu) Horregatik, gaztelaniazko molde hori kalkatzeak oso efektu arraroa sortu du: Amaitzeko, esan oso pozik gaudela hemen ospatzeagatik. (Badirudi agindu bat ematen ari garela entzuten digunak “oso pozik gaude hemen egoteagatik” esan dezan) Beraz, hobe genuke honelakoak ez esaten saiatuko bagina: Bukatzeko, eskerrak eman gure ekitaldira etortzeagatik. Amaitzeko, esan bide horretan jarraituko dugula aurrerantzean ere. Azkenik, adierazi datorren urtean ere itzuliko garela. Eta, amaitzeko, aipatu jende askok deitu digula zoriontzeko. Honela, askoz hobeto: Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkizuegu gure ekitaldira etortzeagatik Amaitzeko, esan nahi dut bide horretan jarraituko dugula aurrerantzean ere Azkenik, adierazi behar dut datorren urtean ere itzuliko garela Eta, amaitzeko, jakinarazi nahi nuke jende askok deitu digula zoriontzeko 2021-10-28 Hitzaldietako formula oker bat Ahozko erabilera formalean (idatzizkoan ere bai, baina ez da hain ugaria), gaztelaniaz, maiz entzuten da aditzen erabilera desegoki bat, klixe eskas bat, hizkuntzaren erabilera ez-zaindua salatzen duena. Erabilera hori kalkatuz, euskaraz ere entzuten dira horrelakoak. Gaztelaniaz, erabilera desegoki hori deskribatuta dago (“el infinitivo radiofónico” esaten diote), eta ez erabiltzeko gomendioa egiten dute. Hona hemen zer gomendio eman duen Fundéu RAEk: Por último, quiero señalar… o por último, es necesario señalar… son algunas de las expresiones apropiadas en español en lugar de por último, señalar…, forma inadecuada sin un verbo principal antes del infinitivo, tal como indica la Nueva gramática de la lengua española. Euskaraz are okerragoak dira horrelako kalko ustelak, aditz-partizipioak perpausaren hasieran aginduak emateko jartzen baititugu: Ireki atea. (agindua da: ireki ezazu) Esan non izan zinen bart gauean. (agindua da: esan ezazu) Amaitzeko, idatzi zure izen-abizenak. (agindua da: idatz itzazu) Amaitzeko, esan zer egin zenuen atzo arratsaldean. (agindua da: esan ezazu) Amaitzeko, esan zenbat urte dituzun. (agindua da: esan ezazu) Horregatik, gaztelaniazko molde hori kalkatzeak oso efektu arraroa sortu du: Amaitzeko, esan oso pozik gaudela hemen ospatzeagatik. (Badirudi agindu bat ematen ari garela entzuten digunak “oso pozik gaude hemen egoteagatik” esan dezan) Beraz, hobe genuke honelakoak ez esaten saiatuko bagina: Bukatzeko, eskerrak eman gure ekitaldira etortzeagatik. Amaitzeko, esan bide horretan jarraituko dugula aurrerantzean ere. Azkenik, adierazi datorren urtean ere itzuliko garela. Eta, amaitzeko, aipatu jende askok deitu digula zoriontzeko. Honela, askoz hobeto: Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkizuegu gure ekitaldira etortzeagatik Amaitzeko, esan nahi dut bide horretan jarraituko dugula aurrerantzean ere Azkenik, adierazi behar dut datorren urtean ere itzuliko garela Eta, amaitzeko, jakinarazi nahi nuke jende askok deitu digula zoriontzeko 2021-10-28
Kilowatt-ordu eta ez kilowatt orduko Azken egunotan, energia elektrikoaren prezioaren gorabeherek (gorabeherak baino zehatzagoa litzateke “goragorak” esatea) hedabideetan ageri dira egunero, eta energia elektrikoaren unitaterik erabilienaren izena denon ahotan (eta idazkietan) dabil. Zenbait erabilera oker (ez dira berriak) dabil hor zehar, behin eta berriro, bai unitatearen izenari dagokionez, bai unitatearen sinboloari dagokionez. Argitu ditzagun: Ez dira nahastu behar potentzia eta energia. Magnitude desberdinak dira, eta bakoitzak bere unitateak ditu. kilowatta potentzia-unitate bat da (1 kilowatt = 1000 watt) eta megawatta ere potentzia-unitate bat da, handiagoa (1 megawatt = 1.000.000 watt). Watt unitatearen sinboloa W da (eta ez w), kilowatt unitatearen sinboloa kW da (eta ez KW edo Kw) eta megawatt unitatearen sinboloa MW da (eta ez Mw edo mW). Kontuan izan behar da, gainera, oso akats larria litzatekeela mW idaztea MW behar den tokian, zeren eta mW sinboloa miliwatt unitateari baitagokio. Hau da: 1 mW = 0,001 W, eta 1 MW = 1.000.000 W. Kilowatt-ordua energia-unitate bat da, eta unitate horren sinboloa kWh da (edo kW·h). Ohikoa da sinbolo hori gaizki idatzita ikustea, bai eta dagokion unitate-izena ere gaizki idatzita ikustea (edo gaizki esanda entzutea). Izan ere, abiaduraren unitateari kilometro orduko esaten zaionez eta km/h sinboloa duenez, analogiaz, kilowatt orduko eta kW/h egiten dute batzuek. Ez dute elkarren antzik, ordea. Energiaren unitatea A × B motakoa da (kilowatt-ordu), eta abiadurarena, berriz, A / B motakoa (kilometro/ordu; hau da, kilometro zati ordu edo kilometro orduko). Gerta daiteke, dena dela, kilowatt-orduko agertzea testu batean, baina amaierako –ko hori ez dagokio unitatearen izenari, ondoren datorren izenarekin lotzekoa baita. Adibidez: Urtean 50.000 kilowatt-ordu baino gehiago kontsumitzen du enpresak (ZENBAT) Urtean 50.000 kilowatt-orduko kontsumoa gainditzen du enpresak (ZENBATEKO) (hauetan bezala: sei metroko soka, hamar kilogramoko harria, orduko hogei kilometroko abiadura) Bi esaldi horiek, beraz, zuzenak dira. Hauek ere bai: 2021eko lehen zazpi egunetan argiaren prezioak % 27 egin du gora: 18,61 zentimo kilowatt-orduko (= kilowatt-ordu bakoitzeko) Haiek ia milioi bat kilowatt-orduko energia elektrikoa ekoizten dute (ZENBATEKO) Hauek, berriz, ez dira zuzenak: Ziklo konbinatuko zentralak 1254 milioi kilowatt orduko ekoitzi zituen aurtengo lehenengo hiru hiletan (ZENBAT) (honela behar du: ... 1254 milioi kilowatt-ordu ekoitzi zituen...) Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 280 milioi kilowatt orduko gastatzen dira argitan (ZENBAT) (honela behar du: ... 280 milioi kilowatt-ordu gastatzen dira...)
Sumendien glosarioa Kanarietako La Palma uhartean erupzioa lehertzearekin batera, hiztegiak ere sutan hasi dira. Nola esaten zaio atmosferarantz hedatzen den material-multzoari? Zer da albisteetan aipatu duten laharra? Bada, gaurko gomendioa zalantza horiek argitzeko helburuarekin idatzi dugu. Lerro hauetan bildutako informazio gehiena bi iturritatik jaso dugu: Elhuyar Hiztegia eta Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa (ZTH). Horiez gain, Euskaltzaindiaren Lurraren Zientzien Oinarrizko Lexikoa eta Euskalterm terminologia-bankua ere erabili ditugu. Zoaz zuzenean «Sumendien glosariora» Sumendiak (Iturria: Zientzia eta Teknologiaren Hiztegia; Fernando Sarrionandia-Ibarra Egidazu geologian doktoreak sumendi sarrerarako ondutako artikulua, Elhuyarrek moldatua) Lur barneko arrokak urtzen direnean, magma, gasak eta, batzuetan, magmatikoak ez diren materialak sortzen dira. Lur barneko aktibitatea handia bada, materia horrek Lurraren gainazalerako bidea egin dezake, lur barnetik kanpora irtenda, eta irteera- edo emisio-puntu horri sumendi deritzo. Kanpora ateratzen den magmari, berriz, laba esaten zaio. Materia bi modutan irten daiteke gainazalera. Modu efusibo edo lasaian ateratzen bada, erupzio bolkaniko bat gertatu dela esaten dugu; kasu horretan, materia jario likido koherente gisa irteten da, eta jario horri laba-kolada esaten zaio. Leherketen bidez irteten bada (erupzio leherkorra), gasen espantsioak laba-zatiak (piroklastoak) jaurtitzen ditu atmosferara, eta altuera desberdineko erupzio-zutabeak eratzen dira. Solidotutako labak eta piroklastoek arrokak sortzen dituzte (arroka bolkaniko labikoak eta arroka bolkaniko piroklastikoak), eta horien metaketak jatorri bolkanikoa duten erliebe positiboak eratzen ditu emisio-puntuaren inguruan, eraikin bolkanikoak deritzenak. Piroklastoen eta solidotu gabeko laben zati bat emisio-puntutik urrundu daiteke; hoztu, solidotu, eta laba-koladak nahiz metakin piroklastikoak eratuko ditu. Azkenik, aktibitate bolkanikoa bera ere gai da erliebe negatiboak eratzeko (maar). Sumendien glosarioa: aktibitate bolkaniko; jarduera bolkaniko; sumendiaren aktibitate; sumendiaren jarduera. bonba bolkaniko; sumendi-bonba. 64 mm edo tamaina handiagoa duten forma biribileko piroklastoak. Sumendiak erupzioan laba-zati likatsuak botatzen dituenean sortzen dira. Bonba bolkanikoak erupzio-ahotik kilometro askoko distantziara jaurtiak izan daitezke. eraikin bolkaniko; sumendi-eraikin. Erupzio bolkanikoetan jaurtitako materialek irekigunearen inguruan altxatutako erliebea; oro har, itxura konikoa hartzen du (kono bolkanikoa), eta dozenaka metro batzuetatik milaka metrora bitarteko garaiera izan dezake. errauts bolkaniko; sumendi-errauts. Erupzioetan sortzen diren arroka-zatiak, mineral-zatiak eta beira bolkanikozko zatiak, 2 mm baino diametro txikiagoa dutenak. Batzuetan, erupzio leherkorretan sortzen diren produktu guztiak izendatzeko ere erabiltzen da (kasu horretan, tefra da termino zuzena). errauts-kono. Leherketa bolkaniko baten ondorioz metatutako piroklastoek eratzen duten kono-itxurako egitura. erupzio; erupzio bolkaniko; sumendi-erupzio. Lurrazalaren gainazalera material bolkanikoa kanporatzea (laba, piroklastoak, arroka-zatiak eta gas bolkanikoak). Jaurtitze-leku puntual batetik gerta daiteke (erupzio zentrala) edo hausturetatik (arrakala-erupzioa). ezkutu bolkaniko; ezkutu-sumendi; ezkutu-bolkan. Malda leunak dituen sumendi handia, likatasun baxuko labaz osatzen dena. Sumendiaren arrakaletatik era jarraituan jariatutako laba basaltikozko metaketaz sortutako mendi bolkanikoa da. Lurreko sumendi handienetakoak mota honetakoak dira. galdara. Sumendiaren gainean kokatuta dagoen eta zabalera handia (diametroa > 1,5 km) duen oin laudun sakonune azpizirkularra da, horma oso bertikalez mugatuta dagoena. Sakonune horren sorrera magma kanporatzearekin lotuta dago; magma-bolumen handi bat irteten denean, ganbera magmatikoaren sabaiko arrokak beherantz mugi daitezke failen bidez, egotzitako magmek utzitako hutsunea betetzeko. ganbera magmatiko; magma-ganbera. Lurrazalaren azpiko eskualdea, sumendiek isurtzen dituzten magma mugikorren gordailua. irekigune. Lur barneko materiaren irteera-zuloa edo arrakala, Lurraren gainazalean kokatuta dagoena. kolada piroklastiko; fluxu piroklastiko. Solidotutako laba (bitroklastoak) eta arroka-zatiak gasekin batera nahastuta sortzen diren olde beroak (100-600 °C); sumendien magaletatik behera mugitzen dira lur-arrasean, abiadura handian (100 km/h edo gehiago). kono bolkaniko. Erupzioetan sumendi batek botatako materialek tximiniaren inguruan eratzen duten kono-formako egitura. krater. Eraikin bolkanikoaren gaineko tamaina txikiko sakonunea (diametroa < 1,5 km), oin laudun kaiku-itxurakoa; sakonune hori erupzio bolkanikoetan gertatutako leherketen eraginez sor daiteke (leherketa-kraterra) edo eraikin bolkanikoaren sabaia hondoratzetik (hondoratze-kraterra). laba-kolada; laba-fluxu. Arroken galdatzetik sortutako masa likido koherentea; askotan, arroka-zatiak, bakuolotan aberatsak diren gai lurrunkorrak eta likidotik zuzenean kristaldutako mineralak biltzen ditu, eta Lurraren gainazaletik isurtzen da erupzio efusiboetan. lahar; lokatz-kolada. Material bolkanoklastikoz osatutako kolada, sumendiaren maldan behera irristatzen dena. Oso suntsikorra da, eta zenbait arrazoiren ondorioz sor daiteke: eurite bortitzak, sumendiaren goiko aldeko glaziarra urtzea, sumendiaren gailurreko aintzira bat hustea edo sumendi-hegala hondoratzea. lapilli. Erupzio bolkanikoetako harri txikiak, 1-64 mm bitarteko diametrokoak. Metatzean puzolarriak osatzen dituzte. leherkortasun bolkanikoaren indize. 8 graduko eskala da, eta erupzio bolkanikoen magnitudea neurtzeko erabiltzen da. Jarduera bolkanikoan eragina duten zenbait faktore neurgarri edo hautemangarri konbinatuz lortzen da: sumendiak jaurtitako produktuen bolumen osoa (laba, piroklastoak, errauts bolkanikoa), zutabe eruptiboaren garaiera, erupzioaren iraupena eta leherkortasun-mailaren sintoma diren beste faktore batzuk. maar. Erliebe zabal eta baxuko kraterra, erupzio edo leherketa freatiko batez sortua lurrazpiko urak laba edo magma beroarekin kontaktuan jartzearen ondorioz. Nagusiki, maar kraterra urez beteta egoten da, eta sakonera txikiko aintzira bat eratzen da. magma. Lur barnean behe-lurrazaleko edo goi-mantuko arroken galdatzetik naturalki sortutako gai mugikor silikatoduna. piroklasto. Erupzio bolkanikoetan jaurtitako partikula, tamainaren arabera sailkatzen dena. puzolarri. Arroka bolkaniko oso zatikatua eta egitura basaltikoa duena. Kareaz nahasita, mortero hidrauliko moduan erabiltzen da. tefra. Metakin piroklastiko ez-kontsolidatuak izendatzeko termino orokorra. tximinia. Magmak ganbera magmatikotik gainazalera abiatzeko hartzen duen bidea. zutabe eruptibo; erupzio-zutabe. Gas-fase jarraitua (batik bat, H2O-a eta CO2-a), barreiatutako piroklastoak biltzen dituena (laba-zatiak, laba solidotzetik sortutako beirak eta mineralak, eta arroka-zatiak); leherketa-erupzioetan, irekigunearen gainetik atmosferarantz abiatzen da.
Sumendi baten erupzioa La Palman. Idazkera-gomendio batzuk Fundéuren atzoko gomendio egokia ikusirik, iruditu zaigu lagungarri izan daitekeela gai horretaz euskaraz idazteko termino-zerrenda bat hona ekartzea. Sumendi eta bolkan: biak daude jasota bai Elhuyar Hiztegian bai Euskaltzaindiaren Hiztegian. Haiekin batera, bolkaniko adjektiboa eta bolkanismo izena ditugu. Erupzio hitza ere sarrera da euskal hiztegietan. Sismo, seismo eta lurrikara: hirurak erabil daitezke. Hona Elhuyar Hiztegiko sismo sarrera. Sismo edo seismo esan badaiteke ere, jatorri bera duten beste hitz batzuetan ez daude bi aukera, bakarra baizik: sismografo, sismograma, sismologia, sismologo, sismometro. Bolkanologian aditua bolkanologoa da. Tenperatura sinbolikoki adierazten denean, zenbakiaren ondoren hutsartea utzi behar da; eta unitatearen sinboloa adierazteko, lehenik, ° sinboloa eta, segidan, C letra (Celsius gradu) jarri behar da, bien artean hutsarterik utzi gabe (adibidez, 19 °C). Hala dago jasota Zientzia eta teknikako euskara arautzeko gomendioak liburuan. La Palma. Hala idatzi behar dugu uhartearen izena, hala baitago jasota Euskaltzaindiaren 70. arauan (Mundu zabaleko uharte nagusiak) eta EODA Euskal Onomastikaren Datutegian.
Neanderthal ala Neandertal? Euskaraz idaztean, ohikoak izaten dira h-aren inguruko zalantzak. Kasu honetan, baina, h-aren auzia alemaneko hitzaren jatorrizko idazkeratik dator. Neanderthal izena Alemaniako Neander ibarreko aztarnategitik dator, han aurkitu baitzituzten lehenengoz neandertalak, XIX. mendearen erdialdean. Thal hitzak, alemanez, “harana” edo “ibarra” esan nahi du. Hortaz, Neanderthal hitzak “Neander ibarra” esan nahi du. 1901ean, ordea, toponimoaren izena aldatu zuten alemanek; harrezkero, Neandertal da lehen Neanderthal zena. Hori horrela izanik, inguruko erdaretan bi grafiekin (Neanderthal/Neandertal) agertzen da. Alemanez, frantsesez eta gaztelaniaz Neandertalen alde egin dute; horixe da Real Academia Españolaren Diccionario Panhispánico de Dudas hiztegiak gomendatzen duena, hain zuzen ere. Erdarazko wikipediak arakatuta ere, nabaria da –tal- grafiadunen nagusitasuna. Ingelesez, ordea, h-arekiko grafia da nagusi, eta, ingelesak arlo guztietan eta batez ere zientzia-arloan duen eragin handia kontuan hartuta, ez da harritzekoa Neanderthal grafia ere ikustea beste hizkuntzetako testu batzuetan. Elhuyarren testuetan eta hiztegietan, 2011z geroztik, Neandertalgo gizaki (Neandertalgo maiuskulaz eta gizaki minuskulaz) eta neandertal (minuskulaz) erabiltzen ari gara; neandertal, minuskulaz, taldea izendatzeko erabiltzen da, batez ere: garai hartako neandertalak ehiztari-biltzaileak ziren esaldian, esate baterako. Hizkuntza bakoitzaren idazkera gorabehera, espeziearen latinezko izena Homo neanderthalensis da, eta bere horretan idaztekoa da gainerako hizkuntzetako testuetan ere: lehen izena maiuskulaz, bigarrena minuskulaz, letra etzanez eta -thal- h eta guzti.
ERE: lokailu txikia, eta bihurria ere… bai! Hiru letra baino ez dira, baina hamaika buruhauste eragiten ditu ere lokailuak. Izan ere, esaldi barruan, ezin da edonon kokatu, eta, kokapenaren arabera, esaldiaren esanahia aldatzen du gainera. Euskaltzaindiak ez du berariazko araurik eman honetaz, baina jasoa dago Euskara Batuaren Eskuliburuan eta Euskaltzaindiaren beraren beste lan batzuetan ere, hala nola Jagoneten eta EGLUn. Euskalki guztietan berdin samar erabiltzen da (Iparraldean bestelako moldeak badiren arren), eta erabilera estandarizatua dagoela esan liteke. Adibide batzuen bidez azaltzen saiatuko gara (gorriz, baztertzekoak iruditzen zaizkigunak). Pandemia-garaiotan, inoiz baino gehiago, lagunekin egoteko premian gaude, eta adibide egokiak sortzeko parada eskaintzen digu kuadrillako afari behinolako haietako batek. Demagun afaria egitekoak garela kuadrillan… Mikel etortzekoa da. *Jon ere. *Nerea etorriko da ere. Igone ere etorriko da. Andoni ere bai. Baita Ainara ere. Mikelek sagardoa ekarriko du. *Jonek sagardoa ekarriko du ere. *Nereak sagardoa ere ekarriko du (sagardoa Mikelek bakarrik ez, Nereak ere ekarriko duela esan nahi baldin bada). Igonek ere sagardoa ekarriko du. *Andonik ere. Andonik ere bai. (Sagardoaz gain) Mikelek ardoa ere ekarriko du. *Mikelek ardoa ekarriko du ere. *Mikelek ere ekarriko du ardoa. Nerea etorri zen azkena egin genuen afarira, eta *ere etorriko da hurrengora. *Hurrengora etorriko da ere. Hurrengora ere etorriko da. Ez dakigu afaria non egin. Nerearen etxean egin dezakegu. *Andonirenean egin dezakegu ere. Mikelenean ere egin dezakegu. *Ere egin dezakegu jatetxe batean. *Jonen baserrian ere baita. Baita Igoneren elkartean ere. *Ainararen terrazan ere. Ainararen terrazan ere bai. Emendiozko lokailua da ere, eta erreferentzia bat gehitzen dio aurreko esaldian emandako informazioari, zehazki ezkerraldean duen osagaiak aditzera ematen duena. Ondorengo esaldi hauek denak dira zuzenak, baina ez dute gauza bera esan nahi. Ikusten duzue aldea? Mikelek gaur postrea ekarriko du. Nik gaur postrea ekarriko dut. Nik ere gaur postrea ekarriko dut. (Mikelek eta biok ekarriko dugu postrea) Nik gaur ere postrea ekarriko dut. (Aurreko afarian ere postrea ekartzea egokitu zitzaidan niri) Nik gaur postrea ere ekarriko dut. (Ogia ekarriko dut, eta postrea ere bai) Nik gaur postrea ekarri ere egingo dut. (Postrea erosteaz gain, ekarri ere egingo dut) Ikasiko dugu ere ondo erabiltzen, eta etorriko da kuadrillako afariak egiteko garaia ere. Bai horixe!
Txertoen (eta hizkuntzaren) eraginkortasuna Azken hilabeteotan, txerto da, ziurrenik, gehien entzuten diren hitzetako bat, nola komunikabideetan hala herritarren arteko solasaldietan. Eta, txertoei lotuta, haien eraginkortasuna ere izan ohi dugu berbagai, hau da, zer gaitasun duen txerto-mota bakoitzak COVID-19ari aurre egiteko. Honela zioen, adibidez, Jone Markuleta kazetariak Bizi Baratzea webgunean: “Pfizerrena baino eraginkorragoa eta hotzean kontserbatzeko eta garraiorako errazagoa izango den txertoa iragarri du AEBetako Moderna konpainia farmazeutikoak.” (2020-11-17) Eta honela jaso zuten, berriz, Eta Kitto webgunean: Moderna-txertoak bi dosi behar ditu, eta bereziki eraginkorra da 65 urtetik beherakoentzat. (2021-01-14) Nolanahi ere, COVID-19a gure artean zabaldu zenetik, hizkuntza espezializatuagoaren beharra sentitu dugu askotan, gauzak zehaztasun handiagoz adierazteko premia. Eta, nola ez bada, eraginkortasunarekin ere beste hainbeste gertatzen ari zaigu. Izan ere, zer eman nahi dugu aditzera, egiaz, eraginkortasuna esaten dugunean? Beti gauza bera adierazteko erabiltzen dugu? Zer ezkutatzen da hitz ustez garden baina egiaz lauso horren atzean? Bada, botikei dagokienez –eta haien artean daude, noski, txertoak–, hizkuntza orokorreko eraginkortasun hitzak hiru kontzeptu zehatz eta bereizi adieraz ditzake: efikazia, efektibitatea eta efizientzia. Hizkuntza arruntean, maiz nahasian erabiltzen ditugu termino horiek, hirurak ere eraginkortasun lauso horren sinonimotzat hartuta, eta erabilera zehaztugabe horrek ez du izaten, normalean, aparteko ondoriorik. Halere, gaur egun bizi dugun osasun-egoera dela eta, askotan ezinbestekoa eta komenigarria izaten da kontzeptuak ondo bereiztea, eta medikuntzaren alorretik kanpora ere hango terminologia erabiltzea. Horretan saiatu da berriki Ana Galarraga, Koronabirusaren gakoak saioan, eta horretan saiatuko gara gu ere hemen. Efikaziak botikaren onura neurtzen du egoera egokienean. Hori gertatzen da, adibidez, saio klinikoetan, non hasieratik bukaeraraino prozesu guztia erabat kontrolpean baitago: zenbateko dosia ematen den; nola ematen den; bi dosi hartu behar badira, zenbat denbora igarotzen den lehenengotik bigarrenera. COVID-19aren aurkako txertoen kasuan, batzuek % 90etik gorako eraginkortasuna dute; hau da, txerto hori hartu dutenen artean, % 90 baino gehiago daude babestuta COVID-19 birusaren aurrean. Efektibitateak, berriz, neurtzen du zenbateko onura eragiten duen botikak egoera errealean, hau da, populazio zabalak hartzen duenean. Efikazia baino txikiagoa izaten da, noski, egoera ez baita izaten ideala, hau da, laborategikoa. Efektibitatea neurtzeko, kontuan hartu behar dira, besteak beste, txertoa hartzen duenaren osasun-egoera eta haren egoera soziala, benetan hartzen duen dosia, bigarren dosia behar den garaian hartzen duen eta abar. Azkenik, efizientzia dugu, faktore ekonomikoak ere kontuan hartzen dituena. Kasu honetan, txertoak dakarren onura eta txertoak duen gastua alderatzen dira. Esate batera, gerta daiteke txerto bat oso eraginkorra izatea baina oso garestia; kasu horretan, ezin izango litzateke zabaldu munduko toki guztietara, eta, beraz, txerto horren efizientzia oso txikia izango litzateke. Elhuyarren Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoan, honela bereizita dauzkagu hiru kontzeptuak:
Megak eta gigak ez dira ezeren unitateak, eta Mb eta MB oso unitate desberdinen sinboloak dira Telefonia-operadoreen publizitatea noranahikoa eta noiznahikoa da; erasoa atergabea da, eta nekez egin dakioke aurre. Ekinaren ekinez eta errepikapenaren errepikapenez, gure burmuinetara iristen dira, modak ezartzen dituzte eta hizkuntza aldrebesten digute, zer esaten ari garen ez jakitera iristeraino. Esango dizute testuinguruak beti argitzen duela esanahia, baina, galdetzen hasiz gero, zalantzak azaleratzen dira. Igaro berri diren eguberriotan, adibidez, giga eta mega hitzen festa izan dugu. Bat gigak oparitzen, beste bat ez dakit zenbat megako zuntz optikoa eskaintzen... Hona hemen lau kontzeptu garbi izan behar ditugunak, zertaz ari garen jakingo badugu eta ganoraz idatziko badugu: 1- giga eta mega ez dira unitateak, unitateekin batera erabiltzen diren multiploak adierazteko aurrizkiak baizik. Baionatik Bilbora 155 kilometro daude edo nire telefonoa 16 zentimetro luze da esaten dugu, eta inork ez du esaten Baionatik Bilbora 155 kilo daude edo nire telefonoa 16 zenti luze da. Hau da, giga eta mega hitzek zerbaiten mila eta zerbaiten milioi bat adierazten dute, hurrenez hurren, baina, zerbait hori zer den zehazten ez badugu, ez dugu adierazi zertaz ari garen. 2- Informazioaren unitaterik oinarrizkoena bita da, eta haren sinboloa b da. Bada beste unitate bat, bytea, zortzi bitez osatua, eta haren sinboloa B da. Aski unitate txikiak direnez, multiploekin batera erabiltzen dira gehienetan, eta bakoitzak bere sinboloa du: megabit (Mb), gigabit (Gb), megabyte (MB), gigabyte (GB)... Ez ditugu nahastu behar bi unitateok (1 MB ≠ 1 Mb). Izan ere, megabit bat (1 Mb) milioi bat bit dira, baina megabyte bat (1 MB) zortzi milioi bit dira: 1 MB = 8 Mb. 3- Oso kontzeptu garrantzitsua da datu-transferentziaren abiadura edo datu-emaria: denbora-unitateko transferitzen den informazio-kantitatea. Interneteko konexioaren abiaduraz ari garenean, datu-transferentziaren abiadura neurtzeko unitaterik erabiliena segundoko megabita da (Mb/s edo Mbps). Horregatik, inon entzuten edo irakurtzen badugu “600 megako zuntz optikoa” dagoela, pentsatu behar dugu segundoko 600 megabiteko datu‑transferentzia ematen duen zuntz optiko bat dela. Ez dezala inork pentsa segundoko 600 megabyteko transferentzia esan nahi duela (gehienez ere segundoko 75 megabyte izan litezke: 600/8 = 75). Eta ez da zaila nahastea: izan ere, datuak biltegiratzeko gailuen arteko datu-transferentzia neurtzeko, ohikoa da kB/s eta MB/s unitateak erabiltzea (kilobyte segundoko eta megabyte segundoko, hurrenez hurren). Adibidez, fitxategiak ordenagailuko disko batetik beste batera pasatzean, ordenagailuak adieraz dezake 25 MB/s-ko abiaduran ari dela transferitzen. Bestalde, telefonoan “10 giga” gehiago doan izango ditugula irakurtzen badugu, pentsatu behar dugu “10 gigabyte” (10 GB) —informazioa, datuak— Internet bidez gure telefonora deskargatzeaz edo telefonotik norabait kargatzeaz ari dela; alegia, datu-kopurua da, eta horrek ez du zerikusirik datu horien karga- edo deskarga-abiadurarekin. 4- Esan dugu mega edo giga bakarrik erabiltzea, unitatea aipatu gabe, desegokia dela. Hori bezain desegokia da unitate bat ez dagokion magnitude bati aplikatzea. Eta hori ere gertatzen ari da. Adibidez, “600 Mb-eko zuntz optikoa” edo “600 Mb-eko abiadura” esatea edo idaztea desegokia da, zuntz optikoa ez baita informazioa metatzeko gailu bat, informazioa transferitzeko bide bat baizik. Alegia, informazioa metatzeko gailu baten edukiera —hala nola disko batena edo USB memoria batena— 600 Mb izan daiteke (oso txikia, gaur egun), baina, zuntz optiko bati buruz ari garela, “600 Mb/s-ko zuntz optikoa” edo “600 Mb/s-ko abiadura” esan edo idatzi behar da. Hau da, “600 Mb-eko abiadura” esatea edo idaztea zuntz optikoari dagokionez, atleta bati dagokionez “10 m-ko abiaduran” doala esatea edo idaztea bezain desegokia da: “600 Mb/s‑eko abiadura” (segundoko 600 megabiteko abiadura) eta “10 m/s-ko abiadura” (segundoko 10 metroko abiadura) dira adierazpen zuzenak. Kontzeptua (magnitudea) Unitate soilak Unitateak multiploekin Informazio digitala bit (sinboloa: b) byte (sinboloa: B) 1 B = 8 b kilobit (kb), megabit (Mb), gigabit (Gb) kilobyte (kB), megabyte (MB), gigabyte (GB) Datu-emaria edo informazioa transferitzeko abiadura bit segundoko (sinboloa: b/s edo bps) Interneteko konexioaren abiadura komertziala (gaur egun): megabit segundoko (Mb/s edo Mbps) Gailuen arteko datu-transferentziaren abiadura komertziala (gaur egun): kilobyte segundoko (kB/s) megabyte segundoko (MB/s)
Hurbilekoak… edo ez hainbeste 2020 urte bitxi honetako Gabonak ate-joka ditugu dagoeneko, eta agintariek zer erabakiko zain pasatu ditugu azken asteak. Aski errealitate desberdinak izango ditugu Euskal Herrian. Iparraldean, itxialdia zertxobait malgutu badute ere, ostalaritzak eta kultur ekitaldiek geldirik jarraitu beharko dute, urtarrilaren 20ra bitartean, gutxienez. Aldiz, Hegoaldean, murriztapenekin bada ere, taberna eta jatetxeak martxan dira oraingoz, eta badirudi egun seinalatuetan senideak eta hurbileko pertsonak bisitatzera joateko aukera izango dugula. Zer da, baina, hurbileko edo gertuko pertsona izatea? Espainiako osasun-ministroak horren berri eman zuen unean bertan sortu zen zalantza; izan ere, gaztelaniazko «allegado» edo «personas allegadas» kontzeptua erabili zuen, eta ez da zehatz-zehatza, izatez. Gaztelaniazko hiztegietara joz gero, Real Academia Españolaren Diccionario de la Lengua Españolan honela definitzen dute: «Persona cercana o próxima a otra en parentesco, amistad, trato o confianza». Beraz, familiako kide, senide edo ahaideez gain, lagun minak edo hurbileko pertsonak ere barne hartzen ditu kontzeptu horrek. Euskarazko ordain egokia zein ote den bila ibili gara, eta hauxe topatu dugu gaztelania-euskara hiztegi elebidunetan: Image Frantsesez, berriz, «proches» esaten diete. Image Ñabardurak ñabardura, hiztegi horiek guztiek irtenbide bertsuak proposatzen dituzte euskararako: senide edo familiakoa izatea, baita hurbileko izatea ere. Eusko Jaurlaritzaren azken dekretuaren euskarazko bertsioan eta hedabideetan «hurbileko» hitza erabili dute, eta hori gailendu da besteen artean gaztelaniazko «allegado/a» adierazteko. Beraz, hori erabiltzea proposatzen du Elhuyarrek. Bakarrik edo senideekin nahiz hurbileko pertsonekin batera, ahalik eta ondoen igaro festak. Eguberri on eta urte berri on guztioi! 2020-12-18 Hurbilekoak… edo ez hainbeste 2020 urte bitxi honetako Gabonak ate-joka ditugu dagoeneko, eta agintariek zer erabakiko zain pasatu ditugu azken asteak. Aski errealitate desberdinak izango ditugu Euskal Herrian. Iparraldean, itxialdia zertxobait malgutu badute ere, ostalaritzak eta kultur ekitaldiek geldirik jarraitu beharko dute, urtarrilaren 20ra bitartean, gutxienez. Aldiz, Hegoaldean, murriztapenekin bada ere, taberna eta jatetxeak martxan dira oraingoz, eta badirudi egun seinalatuetan senideak eta hurbileko pertsonak bisitatzera joateko aukera izango dugula. Zer da, baina, hurbileko edo gertuko pertsona izatea? Espainiako osasun-ministroak horren berri eman zuen unean bertan sortu zen zalantza; izan ere, gaztelaniazko «allegado» edo «personas allegadas» kontzeptua erabili zuen, eta ez da zehatz-zehatza, izatez. Gaztelaniazko hiztegietara joz gero, Real Academia Españolaren Diccionario de la Lengua Españolan honela definitzen dute: «Persona cercana o próxima a otra en parentesco, amistad, trato o confianza». Beraz, familiako kide, senide edo ahaideez gain, lagun minak edo hurbileko pertsonak ere barne hartzen ditu kontzeptu horrek. Euskarazko ordain egokia zein ote den bila ibili gara, eta hauxe topatu dugu gaztelania-euskara hiztegi elebidunetan: Image Frantsesez, berriz, «proches» esaten diete. Image Ñabardurak ñabardura, hiztegi horiek guztiek irtenbide bertsuak proposatzen dituzte euskararako: senide edo familiakoa izatea, baita hurbileko izatea ere. Eusko Jaurlaritzaren azken dekretuaren euskarazko bertsioan eta hedabideetan «hurbileko» hitza erabili dute, eta hori gailendu da besteen artean gaztelaniazko «allegado/a» adierazteko. Beraz, hori erabiltzea proposatzen du Elhuyarrek. Bakarrik edo senideekin nahiz hurbileko pertsonekin batera, ahalik eta ondoen igaro festak. Eguberri on eta urte berri on guztioi!
Sinboloetan, letra xeheak eta larriak ez daude aukeran: Km, Kg, KW sinbolorik ez! Maiz askotan, unitateak erabiltzean, oso zenbaki handiak edo txikiak gertatzen dira. Adibidez, ez litzateke egokia edo praktikoa izango Baionatik Iruñerainoko distantzia edo ile baten diametroa metrotan adieraztea, edo automobil baten pisua gramotan, edo fabrika batean instalatutako potentzia wattetan. Horregatik, unitateen multiploak eta azpimultiploak erabiltzen dira, sistema metriko hamartarraren araberakoak. Unitateen multiploak eta azpimultiploak adierazteko, aurrizkiak gehitzen zaizkie unitateen izenei (adibidez, mikro-, mili-, zenti-, dezi-, deka-, hekto-, kilo-, mega-, giga-...). Hala, milimetroa, kilometroa eta abar erabiltzen dugu, oso zenbaki handirik edo txikirik erabili beharrik ez izateko. Multiplo edo azpimultiplo batez eratutako unitate-izenak hitz arruntak dira; hizkuntza bakoitzaren ortografiaren arabera idazten dira (euskaraz kilometro, gaztelaniaz kilómetro, frantsesez kilomètre, italieraz chilometro, portugesez quilômetro, ingelesez kilometre...), letra larriz edo xehez hasita, dagokienaren arabera. Adibidez, testu baten hasieran edo puntu baten ondoren, letra larriz hasita idazten dira. Nazioarteko unitate-sisteman, hala unitateek nola haiekin batera erabiltzen diren azpimultiploek eta multiploek sinbolo normalizatuak dituzte. Hau da, idazkera sinbolikoa batuta dago nazioartean, unibertsala da. Unitateen eta aurrizkien ortografia aldatu egiten da hizkuntzatik hizkuntzara, baina sinboloena ez: hizkuntza guztietan berdin idazten dira, aldaezinak dira. Aurrizki horietako batzuen sinboloak letra xeheak dira (mili-: m; zenti-: c; kilo-: k; eta abar), eta beste batzuk, berriz —1.000.000 edo gehiago adierazten dutenak—, letra larriak (mega-: M; giga-: G; tera-: T; eta abar). Sinboloak dira, aldaezinak dira. Beraz, aurrizkien sinboloak ezin dira letra larriz edo letra xehez jarri testuan duten posizioaren arabera edo norberaren gogoaren arabera. Hala, kilo- aurrizkiaren sinboloa k da (xehea), eta ez K (larria). Adibidez, testuan zer posizio duen, kilogramo (ohiko testuetan, esaldiaren hasieran ez badago) edo Kilogramo (ohiko testu batean, baldin eta testuaren lehen hitza bada edo puntu baten ondoren gertatzen bada) edo KILOGRAMO (adibidez, dena letra larriz idatzia duen izenburu batean) idatziko dugu, baina unitate hori adierazten duen sinboloa kg izango da beti, eta ezin da Kg edo KG idatzi. Ortografia-akatsa da Kg, Km edo KW idaztea kilogramo, kilometro edo kilowatt adierazteko, hurrenez hurren. Idazkera bakarra dute: kg, km eta kW, euskaraz zein erdaraz. Gainera, sinboloa gaizki idazteak, batzuetan, erabat aldatzen du esanahia. Adibidez: 1 mm = 0,001 metro (milimetroa) / 1 Mm = 1.000.000 metro (megametroa) 1 pm = 10–12 metro (pikometroa) / 1 Pm = 1015 metro (petametroa) 1 zm = 10–21 metro (zeptometroa) / 1 Zm = 1021 metro (zetametroa) 1 ym = 10–24 metro (joktometroa) / 1 Ym = 1024 metro (jotametroa) 2020-11-24 Sinboloetan, letra xeheak eta larriak ez daude aukeran: Km, Kg, KW sinbolorik ez! Maiz askotan, unitateak erabiltzean, oso zenbaki handiak edo txikiak gertatzen dira. Adibidez, ez litzateke egokia edo praktikoa izango Baionatik Iruñerainoko distantzia edo ile baten diametroa metrotan adieraztea, edo automobil baten pisua gramotan, edo fabrika batean instalatutako potentzia wattetan. Horregatik, unitateen multiploak eta azpimultiploak erabiltzen dira, sistema metriko hamartarraren araberakoak. Unitateen multiploak eta azpimultiploak adierazteko, aurrizkiak gehitzen zaizkie unitateen izenei (adibidez, mikro-, mili-, zenti-, dezi-, deka-, hekto-, kilo-, mega-, giga-...). Hala, milimetroa, kilometroa eta abar erabiltzen dugu, oso zenbaki handirik edo txikirik erabili beharrik ez izateko. Multiplo edo azpimultiplo batez eratutako unitate-izenak hitz arruntak dira; hizkuntza bakoitzaren ortografiaren arabera idazten dira (euskaraz kilometro, gaztelaniaz kilómetro, frantsesez kilomètre, italieraz chilometro, portugesez quilômetro, ingelesez kilometre...), letra larriz edo xehez hasita, dagokienaren arabera. Adibidez, testu baten hasieran edo puntu baten ondoren, letra larriz hasita idazten dira. Nazioarteko unitate-sisteman, hala unitateek nola haiekin batera erabiltzen diren azpimultiploek eta multiploek sinbolo normalizatuak dituzte. Hau da, idazkera sinbolikoa batuta dago nazioartean, unibertsala da. Unitateen eta aurrizkien ortografia aldatu egiten da hizkuntzatik hizkuntzara, baina sinboloena ez: hizkuntza guztietan berdin idazten dira, aldaezinak dira. Aurrizki horietako batzuen sinboloak letra xeheak dira (mili-: m; zenti-: c; kilo-: k; eta abar), eta beste batzuk, berriz —1.000.000 edo gehiago adierazten dutenak—, letra larriak (mega-: M; giga-: G; tera-: T; eta abar). Sinboloak dira, aldaezinak dira. Beraz, aurrizkien sinboloak ezin dira letra larriz edo letra xehez jarri testuan duten posizioaren arabera edo norberaren gogoaren arabera. Hala, kilo- aurrizkiaren sinboloa k da (xehea), eta ez K (larria). Adibidez, testuan zer posizio duen, kilogramo (ohiko testuetan, esaldiaren hasieran ez badago) edo Kilogramo (ohiko testu batean, baldin eta testuaren lehen hitza bada edo puntu baten ondoren gertatzen bada) edo KILOGRAMO (adibidez, dena letra larriz idatzia duen izenburu batean) idatziko dugu, baina unitate hori adierazten duen sinboloa kg izango da beti, eta ezin da Kg edo KG idatzi. Ortografia-akatsa da Kg, Km edo KW idaztea kilogramo, kilometro edo kilowatt adierazteko, hurrenez hurren. Idazkera bakarra dute: kg, km eta kW, euskaraz zein erdaraz. Gainera, sinboloa gaizki idazteak, batzuetan, erabat aldatzen du esanahia. Adibidez: 1 mm = 0,001 metro (milimetroa) / 1 Mm = 1.000.000 metro (megametroa) 1 pm = 10–12 metro (pikometroa) / 1 Pm = 1015 metro (petametroa) 1 zm = 10–21 metro (zeptometroa) / 1 Zm = 1021 metro (zetametroa) 1 ym = 10–24 metro (joktometroa) / 1 Ym = 1024 metro (jotametroa)
Koronabirusa detektatzeko frogprobak Zuri ere egin dizute PCR froga? Egitekotan, proba edo testa egingo zizuten, noski! Izan ere, zerbait egia dela finkatzeko edo egiaztatzeko balio duena da froga; medikuek eta gainerako osasun-langileek gaitza detektatzeko egiten dituztenak, ordea, probak edo testak dira. COVID-19 gaitzaren kasuan, hiru proba edo test egiten ari dira nagusiki: - PCR probak edo PCR testak - Antigeno-probak edo antigeno-testak - Antigorputz-probak edo antigorputz-testak Izen horiek dira nagusi, eta horiexek erabiltzea gomendatzen du Elhuyarrek, baina ez zaizkigu baztertzekoak iruditzen antigenoen test, antigenoen proba, antigorputzen proba eta antigorputzen test izendapenak ere. PCR probek birusaren RNA detektatzen dute, eta oso fidagarriak dira. Norbait infektatua dagoen edo ez adierazten dute. Antigeno-probek birusaren kanpoaldeko proteina batzuk detektatzen dituzte. Fidagarritasun txikiagoa dute, baina PCR probak baino azkarragoak dira. Antigeno-probek ere norbait infektatua dagoen edo ez adierazten dute. Antigorputz-probak odol-analisi bidez egiten dira. Bi motatakoak daude: M immunoglobulina detektatzen dutenak eta G immunoglobulina detektatzen dutenak. Lehena agertzeak adierazten du gaitza aktibo dagoela. Bigarrenak, gainera, frogatzen du gorputzak gaitza gainditu duela eta defentsak sortu dituela. Proba edo test bakoitzari buruzko azalpen zientifikoa, hemen, Ana Galarraga Aiestaranen eskutik.
Aniztasuna ez baita beti funtzionala Hainbat testutan irakur daiteke dibertsitate funtzional terminoa; beste hainbatetan, aniztasun funtzional. Lexikoaren Behatokiaren corpusean, esaterako, honela banatuta daude bien agerpen-maiztasunak: 35 / 25. Zein da egokia edo egokiena? Nola definitzen da? Historia pittin bat egiteko, esan behar da hizpide duguna desgaitasun terminoaren alternatiba gisa sortua dela (eta esparru batzuetan lehenetsia), eta desgaitasun bera ere (termino ofiziala, nolabait esateko) ez dela sortu zaharra, ezgaitasun, gutxiagotasun, elbarritasun, minusbaliotasun eta beste baino egokiagotzat jorik. EUSKALTERMeko fitxa batzuetan («mugitzeko desgaitasun» fitxan, esaterako) ohar hau ageri da, EAEko Terminologia Batzordearena (2009): «Hemen duzu eskura Terminologia Batzordeak discapacidad-handicap-disability terminoen ordain gisa desgaitasun hobesteko erabilitako normalizazio-txostena». EUSKALTERMen bertan, ba ote dugu erantzunik aniztasun/dibertsitate funtzional zalantzarako, edo informazio osagarririk? Bada, bai: Image Definizio horretan dugu terminoaren gako nagusietako bat: “(…) gehienek dituzten funtzionalitate edo gaitasunez bestelakoak dituen pertsonaren tasuna” (azpimarra gurea da). Terminoa proposatu zen garaian (2005) gaztelaniaz idatzitako azalpen honetan1 ideia horixe ageri da (berriz ere, azpimarra gurea da): «La palabra diversidad viene definida en el Diccionario de la Real Academia de la Lengua como: “diversidad. (Del lat. diversĭtas, -ātis). 1. f. Variedad, desemejanza, diferencia”. Con esa palabra queremos reflejar exactamente eso, la diferencia, la desemejanza con lo que es habitual en la mayoría estadística de la especie humana». Beraz, terminoak bestelakotasuna adierazten badu, aniztasun hitza ez dugu egokia, ugaritasuna adierazten du eta. Testuinguru batzuetan, zentzuzkoa izan daiteke «pertsonen artean aurkitzen den aniztasun funtzionala» esatea, «funtzionalitate-moten ugaritasuna» adierazteko; baina, pertsona batez ari garela, uste dugu ez dela semantikoki oso egokia «aniztasun funtzionala» duela esatea, are gutxiago «ugaritasuna» gabe «bestelakotasuna» bada transmititu nahi den adiera. EUSKALTERMen ez ezik, Elhuyar Hiztegian ere dibertsitate funtzional dago jasoa. Image Nolanahi ere, termino berri honen inguruko adostasuna ez da erabatekoa arloko espezialisten artean. Hala dio, behintzat, Termcat terminologia-zentroko blogak 2018ko Diversitat funcional o discapacitat? artikuluan. D’un temps ençà se sent parlar de diversitat funcional, forma que algunes persones han proposat que substitueixi el terme discapacitat, però que no té, tanmateix, l’acord de tot el sector. Si analitzem aquesta denominació des del punt de vista lingüístic, diversitat funcional es podria definir, basant-nos en el diccionari normatiu, com la qualitat de funcionar de manera diversa. Això es pot considerar aplicable a tot el gènere humà: les persones som diverses en tot, en el nostre aspecte físic, en la manera de moure’ns, la manera de pensar, la manera d’expressar-nos. Les persones amb diversitat funcional, doncs, som totes les persones, perquè la diversitat funcional és una característica inherent a l’ésser humà. Aleshores, sembla que no serveix per a referir-se a un col·lectiu concret. Horrenbestez, litekeena da hemendik denbora batera adierazmolde hau berraztertzea eta bestelako proposamen bat agertzea, lehen aipatutako minusbaliotasun, gutxiegitasun, desgaitasun eta enparauei gertatu zaien bezala. Bitartean, ordea, dibertsitate funtzional erabiltzea da Elhuyarren gomendioa, eta horretarako arrazoiak zein diren azaltzen saiatu gara lerro hauetan. 1 Javier Romañach, Manuel Lobato: “Diversidad funcional, nuevo término para la lucha por la dignidad en la diversidad del ser humano”. Foro de Vida Independiente. 2020-10-29 Aniztasuna ez baita beti funtzionala Hainbat testutan irakur daiteke dibertsitate funtzional terminoa; beste hainbatetan, aniztasun funtzional. Lexikoaren Behatokiaren corpusean, esaterako, honela banatuta daude bien agerpen-maiztasunak: 35 / 25. Zein da egokia edo egokiena? Nola definitzen da? Historia pittin bat egiteko, esan behar da hizpide duguna desgaitasun terminoaren alternatiba gisa sortua dela (eta esparru batzuetan lehenetsia), eta desgaitasun bera ere (termino ofiziala, nolabait esateko) ez dela sortu zaharra, ezgaitasun, gutxiagotasun, elbarritasun, minusbaliotasun eta beste baino egokiagotzat jorik. EUSKALTERMeko fitxa batzuetan («mugitzeko desgaitasun» fitxan, esaterako) ohar hau ageri da, EAEko Terminologia Batzordearena (2009): «Hemen duzu eskura Terminologia Batzordeak discapacidad-handicap-disability terminoen ordain gisa desgaitasun hobesteko erabilitako normalizazio-txostena». EUSKALTERMen bertan, ba ote dugu erantzunik aniztasun/dibertsitate funtzional zalantzarako, edo informazio osagarririk? Bada, bai: Image Definizio horretan dugu terminoaren gako nagusietako bat: “(…) gehienek dituzten funtzionalitate edo gaitasunez bestelakoak dituen pertsonaren tasuna” (azpimarra gurea da). Terminoa proposatu zen garaian (2005) gaztelaniaz idatzitako azalpen honetan1 ideia horixe ageri da (berriz ere, azpimarra gurea da): «La palabra diversidad viene definida en el Diccionario de la Real Academia de la Lengua como: “diversidad. (Del lat. diversĭtas, -ātis). 1. f. Variedad, desemejanza, diferencia”. Con esa palabra queremos reflejar exactamente eso, la diferencia, la desemejanza con lo que es habitual en la mayoría estadística de la especie humana». Beraz, terminoak bestelakotasuna adierazten badu, aniztasun hitza ez dugu egokia, ugaritasuna adierazten du eta. Testuinguru batzuetan, zentzuzkoa izan daiteke «pertsonen artean aurkitzen den aniztasun funtzionala» esatea, «funtzionalitate-moten ugaritasuna» adierazteko; baina, pertsona batez ari garela, uste dugu ez dela semantikoki oso egokia «aniztasun funtzionala» duela esatea, are gutxiago «ugaritasuna» gabe «bestelakotasuna» bada transmititu nahi den adiera. EUSKALTERMen ez ezik, Elhuyar Hiztegian ere dibertsitate funtzional dago jasoa. Image Nolanahi ere, termino berri honen inguruko adostasuna ez da erabatekoa arloko espezialisten artean. Hala dio, behintzat, Termcat terminologia-zentroko blogak 2018ko Diversitat funcional o discapacitat? artikuluan. D’un temps ençà se sent parlar de diversitat funcional, forma que algunes persones han proposat que substitueixi el terme discapacitat, però que no té, tanmateix, l’acord de tot el sector. Si analitzem aquesta denominació des del punt de vista lingüístic, diversitat funcional es podria definir, basant-nos en el diccionari normatiu, com la qualitat de funcionar de manera diversa. Això es pot considerar aplicable a tot el gènere humà: les persones som diverses en tot, en el nostre aspecte físic, en la manera de moure’ns, la manera de pensar, la manera d’expressar-nos. Les persones amb diversitat funcional, doncs, som totes les persones, perquè la diversitat funcional és una característica inherent a l’ésser humà. Aleshores, sembla que no serveix per a referir-se a un col·lectiu concret. Horrenbestez, litekeena da hemendik denbora batera adierazmolde hau berraztertzea eta bestelako proposamen bat agertzea, lehen aipatutako minusbaliotasun, gutxiegitasun, desgaitasun eta enparauei gertatu zaien bezala. Bitartean, ordea, dibertsitate funtzional erabiltzea da Elhuyarren gomendioa, eta horretarako arrazoiak zein diren azaltzen saiatu gara lerro hauetan. 1 Javier Romañach, Manuel Lobato: “Diversidad funcional, nuevo término para la lucha por la dignidad en la diversidad del ser humano”. Foro de Vida Independiente.
Ehunekoak, portzentajeak, portzentaiak… Euskaltzaindiaren Hiztegian, sarrera dira ehuneko eta portzentaje hitzak; ez, ordea, portzentaia. Elhuyar hiztegietan portzentaia bilatuz gero, portzentaje sarrerara bideratzen gaituzte. Argi dago, beraz: % sinboloaren bidez adierazten diren “kopuruak” ehunekoak edo portzentajeak dira, ez portzentaiak. Eta non eta nola erabili behar da sinbolo hori? Zenbakiaren aurretik? Ondoren? Zenbakiari lotuta? Bereiz? Euskaltzaindiak hauxe baino ez du esan arauetan: Ehuneko hainbeste adierazteko marka, zenbakiaren aurretik jar bedi. Adibidez: % 5 = ehuneko bost (Euskera, XVI, 1971). Argi dago, beraz, euskaraz zenbakiaren aurretik jartzekoa dela sinboloa, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez ez bezala. Euskaltzaindiaren 1971ko arau horretan ez da ezer esaten esplizituki sinboloaren eta zenbakiaren arteko tarteaz, baina halaxe dago idatzia testuan bertan, tarte bat utzita. EIMAren Ortotipografiak ere tarte bat uzteko gomendatzen du: Ehunekoa digitoz idazten da, % sinboloaren eskuin aldean kopuru zehatza emanez eta bien artean hutsune bat utziz. Halaxe arautua dago gaztelaniaz ere (RAEren 2010ko Ortografíaren 590. orrian dago jasota gomendioa. Kontuz, beraz, bestela ageri baita Diccionario panhispánico de dudasen —2005ekoa da azken hori, hau da, ortografia berria baino zaharragoa; horrenbestez, ortografia berrian jasotakoari jarraitu behar zaio—. Eta Fundéuk ere horixe bera gomendatzen du, tarte bat uztea). Ingelesez, ostera, zenbakiaren eta sinboloaren artean tarterik ez uztea (12%) gomendatzen dute estilo-liburu ezagunenek. Adibidez, honela gomendatzen du The Chicago Manual of Style ospetsuak: Note also that no space appears between the numeral and the symbol %. Dena dela, AEBko Merkataritza Saileko NIST erakunde ofizialak (National Institute of Standards and Technology), Guide for the Use of the International System of Units (SI) gidaliburuan, honela dio: 7.10.2 %, percentage by, fraction (...) When it is used, a space is left between the symbol % and the number by which it is multiplied [4: ISO 31-0]. (...) Example: xB = 0.0025 = 0.25 % but not: xB = 0.0025 = 0.25% Frantsesari dagokionez, tipografia-arauak Inprimategi Nazionalak ezartzen ditu Frantzian, baina, puntu horri buruz, ez du ezer zehazten Lexique des régles typographiques en usage à l'Imprimerie nationale obrak. Nolanahi ere, l’Office québécois de la langue française erakundeak, bere Banque de dépannage linguistique ospetsuan, tartea jartzea gomendatzen du: Espacement avant et après les principaux signes de ponctuation et autres signes ou symboles Signe ou symbole: %. Avant: Une espace insécable. Après : Une espace. Remarques et exemples: Des augmentations respectives de 8 % et de 7,25 % Hala gomendatzen du Agence universitaire de la Francophonie erakundeak ere, eta bide horri jarraitzen dio, adibidez, frantsesezko Wikipediak. Azkenik, nazioarteko ISO 31-0:1992(E) arauak ere hutsarte eta guztiko idazkera jasotzen du, euskarazko ordenaren alderantzizkoa proposatzeaz batera. Hortaz, Elhuyarren gomendioa da euskaraz ehunekoak sinbolo-zenbaki hurrenkeran idaztea tartean hutsunea utzita: % 2.
Zer izen du Artizarrean aurkitu berri duten konposatuak? Fosf… zer? Bizia Lurretik kanpo aurkitzeko aukerez mintzatzean, Marte izango da, seguru asko, gehienoi bururatuko zaigun lehen tokia. Planeta hori izan da ikertuena, bizia izateko kondizioak daudela pentsatu baita aspalditik. Garai batean bizia izan zelako aztarnak aurkitu bide dira, eta ikertze-arlo irekia da gaur egun. Artizarra, berriz, bizirako ingurune ezin desegokiagoa dela aipatu da beti: berotegi-efektu handiaren ondorioz, atmosfera izugarri beroa da (464 °C-ko batez besteko tenperatura), ia urik gabea, eta azido sulfurikozko hodeiz estalita dago. Infernua. Baina hara non duela gutxi jakin dugun ikertzaile-talde batek konposatu bat aurkitu duela Artizarraren atmosferan, eta, Lurrean substantzia hori prozesu biologikoen bidez baino sortzen ez denez, litekeena dela Artizarrean ere aktibitate biologikoaren seinale izatea. Konposatuaren formula PH3 da, baina, albistea zabaltzeaz batera, izenaren inguruko zalantza agertu du hainbatek. Aurkikuntzaren egileek phosphine izena erabili dute, euskaraz fosfina dena. Hori da tradizio handiena duen izena, 1865etik erabiltzen dena. Baina IUPACek, kimikako nomenklatura normalizatzeaz arduratzen den nazioarteko erakundeak, phospane hobetsi du, guretzat fosfano litzatekeena. Izen "sistematikoa" da. Jacinto Iturbek ZTH-Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoko nomenklatura sarrerako artikuluan dioenez, izen sistematikoak "substantziaren estekiometrian oinarritzen dira", hau da, konposizioan, eta guraso-substantzia baten izenetik edo errotik abiatuta sortzen dira, aurrizkiak eta atzizkiak erabiliz. Adibidez, bi karbono dituen konposatu baten erroa et- da, eta hortik sortzen dira etano, etanol, azido etanoiko, eta abar. Izen sistematikoez gain, IUPACek izen tribialak ere aipatzen ditu, hau da, tradiziozko izenak, eta haietako asko onartu egiten ditu. Adibidez, HCl konposatuaren izen sistematikoa klorano da, baina hidrogeno kloruro izena ere onartzen da (azido klorhidriko, berriz, zaharkitutzat jotzen da). Ez da hori, ordea, fosfina izenaren kasua, PH3 konposatua izendatzeko. Horiek horrela, Elhuyarren gomendioa da IUPACen hautua aintzat hartzea eta fosfano erabiltzea, beste terminoen existentzia ukatu gabe. Irizpide hori erabili da Elhuyar aldizkarian argitaratu den albistean: Fosfanoa detektatu dute Artizarraren atmosferan. Dena den, fosfina terminoa ez da beti baztertzekoa, terminoari adiera bat aitortu baitio IUPACek GoldBook-eko phosphine sarreran. Beraz, phosphane / phospine kontzeptu-bereizketa egin du. Zer dira orduan fosfina horiek? ZTHn honela daude definituta: "Fosfanoaren hidrogeno-atomo bat edo gehiago erradikal karbonatatuz ordezkatzean lortzen diren konposatu organikoen izen generikoa". Adibidez, CH3PH2 konposatuaren izena metilfosfina da. Horrenbestez, honela moldatu dugu ZTHn konposatu hauen argazki osoa. Image Ez dakigu Artizarrean egin den aurkikuntzak zer ibilbide izango duen Lurretik kanpoko biziaren bilaketan. Oraingoz, badakigu fosfanoa aurkitu dela; litekeena da etorkizunean fosfinak aurkitzea. Edo ez. 2020-09-24 Zer izen du Artizarrean aurkitu berri duten konposatuak? Fosf… zer? Bizia Lurretik kanpo aurkitzeko aukerez mintzatzean, Marte izango da, seguru asko, gehienoi bururatuko zaigun lehen tokia. Planeta hori izan da ikertuena, bizia izateko kondizioak daudela pentsatu baita aspalditik. Garai batean bizia izan zelako aztarnak aurkitu bide dira, eta ikertze-arlo irekia da gaur egun. Artizarra, berriz, bizirako ingurune ezin desegokiagoa dela aipatu da beti: berotegi-efektu handiaren ondorioz, atmosfera izugarri beroa da (464 °C-ko batez besteko tenperatura), ia urik gabea, eta azido sulfurikozko hodeiz estalita dago. Infernua. Baina hara non duela gutxi jakin dugun ikertzaile-talde batek konposatu bat aurkitu duela Artizarraren atmosferan, eta, Lurrean substantzia hori prozesu biologikoen bidez baino sortzen ez denez, litekeena dela Artizarrean ere aktibitate biologikoaren seinale izatea. Konposatuaren formula PH3 da, baina, albistea zabaltzeaz batera, izenaren inguruko zalantza agertu du hainbatek. Aurkikuntzaren egileek phosphine izena erabili dute, euskaraz fosfina dena. Hori da tradizio handiena duen izena, 1865etik erabiltzen dena. Baina IUPACek, kimikako nomenklatura normalizatzeaz arduratzen den nazioarteko erakundeak, phospane hobetsi du, guretzat fosfano litzatekeena. Izen "sistematikoa" da. Jacinto Iturbek ZTH-Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoko nomenklatura sarrerako artikuluan dioenez, izen sistematikoak "substantziaren estekiometrian oinarritzen dira", hau da, konposizioan, eta guraso-substantzia baten izenetik edo errotik abiatuta sortzen dira, aurrizkiak eta atzizkiak erabiliz. Adibidez, bi karbono dituen konposatu baten erroa et- da, eta hortik sortzen dira etano, etanol, azido etanoiko, eta abar. Izen sistematikoez gain, IUPACek izen tribialak ere aipatzen ditu, hau da, tradiziozko izenak, eta haietako asko onartu egiten ditu. Adibidez, HCl konposatuaren izen sistematikoa klorano da, baina hidrogeno kloruro izena ere onartzen da (azido klorhidriko, berriz, zaharkitutzat jotzen da). Ez da hori, ordea, fosfina izenaren kasua, PH3 konposatua izendatzeko. Horiek horrela, Elhuyarren gomendioa da IUPACen hautua aintzat hartzea eta fosfano erabiltzea, beste terminoen existentzia ukatu gabe. Irizpide hori erabili da Elhuyar aldizkarian argitaratu den albistean: Fosfanoa detektatu dute Artizarraren atmosferan. Dena den, fosfina terminoa ez da beti baztertzekoa, terminoari adiera bat aitortu baitio IUPACek GoldBook-eko phosphine sarreran. Beraz, phosphane / phospine kontzeptu-bereizketa egin du. Zer dira orduan fosfina horiek? ZTHn honela daude definituta: "Fosfanoaren hidrogeno-atomo bat edo gehiago erradikal karbonatatuz ordezkatzean lortzen diren konposatu organikoen izen generikoa". Adibidez, CH3PH2 konposatuaren izena metilfosfina da. Horrenbestez, honela moldatu dugu ZTHn konposatu hauen argazki osoa. Image Ez dakigu Artizarrean egin den aurkikuntzak zer ibilbide izango duen Lurretik kanpoko biziaren bilaketan. Oraingoz, badakigu fosfanoa aurkitu dela; litekeena da etorkizunean fosfinak aurkitzea. Edo ez.
Gel hidroalkoholikoak eta hidroalkoholiko ez direnak Bizitzen eta nozitzen ari garen pandemia-giro honetan, badira izar bihurtu diren produktu batzuk: maskara dugu ezagunena, zalantzarik gabe, baina bada beste bat, hura bezain etxeko bihurtu zaiguna: hidrogela edo gel hidroalkoholikoa, eskuak garbitzeko erabiltzen duguna ura eta xaboia eskura ez baditugu. Produkturen bat (higienekoa, kosmetikakoa, sendagaia...) alkoholarekin nahastuta dagoenean, hidroalkoholiko adjektiboa erabiltzen da produktu hori kalifikatzeko. Hala, gel hidroalkoholikoa bere konposizioan alkohola duen gela da. Birizida izango bada, hau da, birusak hilko baditu, alkoholaren proportzioak % 60 edo handiagoa izan behar du. Gelak alkoholik ez badu, ez da hidroalkoholikoa. Gel guztiak, beraz, ez dira hidroalkoholikoak. Alkohola dutenak gel hidroalkoholikoak badira, nola izendatzen ditugu alkoholik ez dutenak, hidroalkoholikoak ez direnak? Erraza da: gel ez‑hidroalkoholikoak. Izan ere, ez partikula adjektiboei ezkerretik lotzen zaie marratxo baten bidez. Bai hizkuntza arruntean: misio ez‑laburrak, afari ez‑txarra, esku ez‑garbiak, gorputz ez‑liraina... Bai hizkuntza teknikoan: distortsio ez-lineala, altzairu ez-magnetikoa, aminoazido ez‑esentziala, anplifikadore ez‑inbertsorea, antiinflamatorio ez‑esteroidea, bakterio ez‑patogenoa, tratamendu ez‑automatizatua, elikagai ez‑galkorra, energia ez‑mekanikoa, erradiazio ez‑ionizatzailea, esmalte ez‑toxikoa, eztul ez‑emankorra, hezkuntza ez‑arautua, hizkuntzaren erabilera ez‑sexista, karbono ez‑organikoa, eragiketa ez‑finantzarioa, publizitate ez‑zilegia, zirkulazio ez‑jarraitua... Badira, dena dela, tradizioz loturik idazten diren gutxi batzuk, oso ezagunak. Hauek dira salbuespenak: ezatsegin, ezaxola, ezberdin, ezegoki, ezegonkor, ezeroso, ezezagun, ezgai, ezilkor, ezohiko, ezikasi, ezjakin. Haietako batzuek badute sinonimoa (ezaxola = axolagabe, ezberdin = desberdin, ezegoki = desegoki, ezeroso = deseroso, ezezagun = ezagungabe, ezjakin = jakingabe). Adjektiboa aditz-partizipio bat bada, badugu euskaraz, bestalde, beste bide bat ideia bera adierazteko: adjektiboari ezkerretik ez partikula marratxoz lotu beharrean, eskuinetik gabe hitza zuzenean lotzea. Adibidez, kimikan, disoluzio aseak eta disoluzio asegabeak erabiltzen da, eta disoluzio ez-aseak ia ez da erabiltzen, ezinezkoa ez bada ere. Beste hauek ere oso erabiliak dira: bukatugabea, burutugabea, heldugabea, jokatugabea, landugabea, ohitugabea, ondugabea, osatugabea, ukigabea, zehaztugabea. Gutxi batzuetan, dena dela, biak erabiltzen dira esanahi berarekin, erabileran ez baita bat finkatu edo erabat nagusitu: jokatugabea / ez‑jokatua, zehaztugabea / ez‑zehaztua, burutugabea / ez‑burutua.
Ezin baita edozer eman Gauza ederra da eskuzabaltasuna, baina «ematen den» guztia ez genuke ontzat hartu behar; esate baterako, koronabirus-kasuak, hildakoak… «Eman» aditzak adiera asko ditu euskaraz; Euskaltzaindiaren Hiztegiak, adibidez, 14 jasotzen ditu. Bada, ordea, testuetan agertzen den adiera bat Euskaltzaindiak berariaz gaitzetsia duena, eta pandemia baten gisa zabaldu dena. DRAEren arabera gaztelaniazko «dar» aditzak duen 49. adiera: Image Ohar hau ageri da Euskaltzaindiaren Hiztegian, eman sarreran: Image Eta hara zer dioen Euskara Batuaren Eskuliburuak ere: Image Hortaz, ez dira zuzenak euskarazko hedabideetatik azkenaldian jasotako adibide hauek: *3 hildako eta 9 positibo berri eman dira Hego Euskal Herrian. *Guztira 5.137 PCR kasu eman dira koronabirusaren pandemia hasi zenetik. *Bezperako datuekin alderatuta, beste 399 kasu eman dira azken 24 orduetan. *Araban berriz, 444 kasu eman dira, eta 191 lagun daude ospitalean. *Izan ere, gaitza hasi zenetik, atzo izan zen positiborik gehien eman den eguna. Azken 24 orduetan 106 mila kasu eman dira. Adi, beraz. «Eman eta zabal zazu», bai, baina, ematekotan, ez edozer! :-))
Zer da, zer da… aurpegia eta sudurra estaltzeko zer hori? Ohiko osagarri bihurtu zaigu azkenaldian. Sudurra eta ahoa estaltzeko erabiltzen dugun zer horretaz ari gara, baina nola du izena? Maskarilla, maska, maskara, musuko…? Gaztelaniaz, errotu samar dago mascarilla. Frantsesez, masque nagusitzen da. Ingelesez, (face) mask darabilte. Eta euskaraz? Euskaraz, gauza bitxia gertatu zaigu. Orain arte, maskara zen hiztegi eta testu gehienetan ageri zen ordain ia bakarra, baina beste hitz bat entzuten da bolo-bolo: musuko. Dirudienez, Patxi Saez soziolinguistak hala erabiltzeko proposatu zien Berriako eta ETBko euskara-arduradunei, euskarak “bereago” duen hitza delakoan, eta joera garbizale horrek arrakasta izan du, nonahi entzuten baita orain musuko. Argi dago euskaraz ondo osatutako hitza dela (musu + ko), eta hala azaldu zuen Adolfo Arejita euskaltzainak Euskadi Irratian (2020-04-20). Beraz, ez dugu arazorik ikusten musuko erabiltzeko. Baina ez dugu ahaztu behar maskara nazioarteko hitza dela eta, hortaz, euskarazko hitza ere badela. Testu teknikoetan, maskara da nagusi orain ere euskaraz. Euskaltzaindiaren Hiztegian ez da ageri musuko oraindik, eta oraintsu gehitu diote darabilgun adiera maskara hitzari: «Ahoa eta sudurra estaltzen dituen babesgarria, agente patogenoetatik, toxikoetatik edo hautsetik babesteko erabiltzen dena». Euskaltermen ere ez da ageri musuko. Labayru hiztegiak, ordea, biak jasotzen ditu, maskara eta mosuko/musuko. Berriaren estilo-liburuak ere jasoa du maskara; ez, ordea, musuko. Eta Elhuyarren zer? Bere garaian, sakelako eta sega-poto zabaldu ziren telefono mugikorra izendatzeko, eta jasoak ditugu gure hiztegietan; herri-hizkerako hitz gisa lehena, eta lagunarteko gisa bigarrena. Beharbada, ez legoke gaizki gauza bera egitea musuko hitzarekin. Testu zientifiko-teknikoetan, maskara erabiltzea gomendatzen dugu. Gainerakoetan, ez dugu arazorik musuko onartzeko.
Nola idatzi eta deklinatu COVID-19 Azken hilabeteotan gu guztion bizimodua hankaz gora jarri du mundu osoan zabaldu eta pandemia bat eragin duen gaitz batek. 2019-nCoV arnas gaixotasun akutu du izen osoa gaixotasunak, baina ingelesezko coronavirus disease 2019ren akronimoa zabaldu da hizkuntza gehienetan hura izendatzeko: COVID-19 (CO = corona; VI = virus; D = disease; 19 = 2019). Eta halaxe erabiltzea gomendatzen dugu euskaraz ere. Izen luzeago baten akronimoa izanik, maiuskulaz idaztea dagokio, eta marratxoa jartzen dugu letren eta zenbakien artean. Hizkuntza batzuetan, ordea, erabileraren erabileraz, minuskularako bidea egiten hasi da. Hala, ingelesez eta gaztelaniaz, esate baterako, Covid-19 eta covid-19 idazkerak ere ikusten dira, biak, baina gaztelaniaz covid-19 idaztea gomendatzen du Fundéuk. Bere garaian, gauza bera gertatu zen hartutako immunoeskasiaren sindromearekin. Izen osoaren akronimo gisa, HIES erabiltzen zen hasieran, baina badira urte batzuk hies idazkera nagusitu dela. Kasu honetan ere ez da harritzekoa bide hori egitea. Berria da oraindik, ordea, eta, orain arteko erabilera ikusita, maiuskulaz idaztea gomendatzen dugu euskaraz: COVID-19. Beraz, argi dago zein duen izena gaitzak eta nola idaztea komeni den, baina esaldi barruan zer? Nola deklinatu behar dugu? Bada, gainerako gaixotasunak bezala, izen arrunt gisa erabiltzekoa da. Hona adibide batzuk: COVID-19a dela eta, bertan behera gelditu dira ekitaldiak. Azkeneko 24 orduetan COVID-19 gaitzak ez du inor hil Euskal Herrian. COVID-19aren pandemiak proiektu aeroespazialen bilakaera ere baldintzatu du. Haiek erakutsi digute nola egin aurre COVID-19ari adorez.
Este es tu primer párrafo de texto. Al tener el bloque del video con la propiedad "float: right", este texto se alineará automáticamente a su izquierda de forma fluida. Este es tu segundo párrafo. Puedes escribir tantos párrafos como quieras. El texto irá bajando y rodeará el video de TikTok perfectamente si es más largo que la altura del reproductor. @elhuyar Sagardoaren plazera... R gogorra eta R biguinaren arteko desberdintasuna #Elhuyar #Euskara ♬ FEEL THE GROOVE - Queens Road, Fabian Graetz

Fundéuren atzoko gomendio egokia ikusirik, iruditu zaigu lagungarri izan daitekeela gai horretaz euskaraz idazteko termino-zerrenda bat hona ekartzea.
